2009/03/31

Antzerki eguna

Kultur Asteko bigarren eguna pasatu da. Gaur antzerkiari dedikatu diogu.
Orain urte batzuk hasitako bideari jarraiki, bosgarren mailako ikasleek antzezlan pare bat prestatu dute guztiei eskeintzeko: "Itsuak" eta "Erregearen froga". Oso dibertigarriak izan dira biak, eta ikuslegoak horrela aitortu die antzezleei.

Egun osoan zehar gure ikastetxeko ikasle guztiak Jane Jauregira etorri dira antzezlanaz gozatzera -tire, guztiak ez, bi urtekoak ez baitira etorri- Arratsaldeko bostetan, berriz, herri osoari zabaldu diogu ikusteko aukera -bai horixe; orain urte batzuk antzezleen gurasoak baino ez ziren etortzen, baina, egun, horiez gain, auzokoak, lagunak, herritarrak... datoz-. Guztira lau funtzioi egin dituzte, lau!!! Hau bai profesionaltasuna.
Hemen dituzue argazki batzuk. (argazkilaria Maisu Goio)



Astotxoren lagunak

2009/03/30

Literatura eguna


Gaur, astelehenean, Kultur Asteari emateko Literatura eguna ospatu dugu. Alde batetik, 1. mailatik 5. mailara arteko ikasleok talde txikitan elkartu gara -maila ezberdinetakoak- eta ipuinak asmatzen ibili gara. Oso kontu polita izan da, nagusiak eta txikiak denok batera... gero ipuinak irakasleei eman dizkiegu zuzen ditzaten eta asteazkenean elkartuko gara berriro garbira pasatzeko eta marrazki ederrez apaintzeko. Hau egindakoan, ikastetxeko hormetan eskegiko ditugu denek irakurri ahal izateko.

Eta zergatik ez dira seigarren mailako neska mutikoak egon? galdetuko diozue zeuen buruari. Bada, eurek irakurri duten liburu baten idazlearen bisita jaso dutelako: Antton Irusta. Oso ondo pasatu dute, euren galderei erantzuteaz gain, eurekin ipuinak asmatzen eta antzerkitxoak egiten ibili delako.
Kultur Asteko lehen eguna primeran pasatu da.

Astotxoren lagunak

2009/03/29

Kultur Astea 2009

Badator Kultur Astea. Badator Korrika 16.
Urtero bezala, martxoaren 30etik apirilaren 3a arte Kultur Astea ospatuko dugu eskolan ere. Aurten, gainera, bi urterik behin gertatzen den bezala, Korrikarekin batera, oraingoa 16.a (korrikaren kanta eta bideoa hemen).
Hemen daukazue aste honetan egingo ditugun ekintzen zerrenda luzea.
Blog honetan egunero jarriko ditugu egun horretako ekitaldien kronika eta argazkiak. Beraz, egunero sartu blogean.

Literatura eguna (martxoak 30, astelehena)
Goizean 1. mailatik 5. mailara arteko ikasleak, taldeka, ipuinak asmatu eta idatziko dituzte.
6. mailakoek Antton Irusta idazlearen bisita jasoko dute.
Haur Hezkuntzan, Astotxoren bisitaldia.

Antzerki eguna (martxoak 31, martitzena)
Egunean zehar antzerki lan bi ikasle guztientzat
5. mailako ikasleen eskutik, Jane Jauregian.
Arratsaldeko 5etan, herritar guztientzat Janen.

Korrika Txikia (apirilak 1, eguaztena)
Goizean ikasleek asteleheneko ipuinak garbira pasa eta marrazkiz apainduko dituzte.
Eguerdiko 2:45etan, KORRIKA TXIKIA. Ibilibidea (6. mailatik 2 urtekoen gelara): Eskola – Txuma aseguruak – Parke berdea – Tren geltokia – Gorelec – Benito taberna – Charter – Ermita – Plaza – Anbulatorioa – Parke berdea
Ondoren, parke berdean, ikasleen ikuskizuna: karaokea, kantak, bertsoak...
Jarraian, haur berbena “Gramola” dantzaldiarekin.

Zirko eguna (apirilak 2, eguena)
Goiz osoan zehar zirko tailerra eskolako patioan Sebastopoleko Titiriteroen eskutik.

Kirol eguna (apirilak 3, barikua)
Goizeko 9:30etatik 11ak arte, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat herri kirolak eskolako patioan seigarren mailako ikasleen eskutik.
11etatik 12:30etara jolasak Haur Hezkuntzako ikasleentzat. Ondoren, Astotxoren bisita.

2009/03/25

Lapurreketako barnetegia

(Arazo teknikoak direla eta, atzerapenaz bada ere, hona hemen 3. mailako ikasleek barnetegiari buruz egindako kronika)

Astelehenean, 9:30etan, plazan elkartu ginen 3. mailako umeak Lapurreketara joateko. Autobusa hartu genuen 33 ikaslek eta 3 irakaslek ondo pasateko asmoz.
Hamaiketarako Lapurreketan geunden, han lehenengoz maletak utzi eta baserriko antolamenduari buruzko pelikul aba t ikusi genuen. Ekintzak hiru egunetan banatu ziren.


Lehen eguneko ekintzak: interpretazio arloa Zumeltzan, nekazari arloa eta label arloa. Arratsaldean Zumeltza aireportua eta bere historia ezagutu genuen. Era berean, zuhaitz mota batzuk ikusi genituen. Azkaldu eta gero, landareak eta abereak ere ezagutu genituen.
Gauean jolas batzuk eta gero ohera.

Bigarren egunean goizean errezeta batzuk ikasi genituen: erroskillak eta bizkotxoa. Arratsaldean Koikili futbolariaren herrira –hau da, Otxandiora- joan ginen. Bulkano taldearen zelaian egon ginen. Bidetik mugarri bat ikusi genuen. Aintzinean mugarriak erabiltzen ziren herrien mugak non zeuden adierazteko, kasu honetan, Otxandio eta Dimaren artekoa.
Ibili, azkaldu eta afaldu ondoren gorputza mugitzera diskotekara.

Hirugarren egunean taloa eta gazta egiten ikasi eta dastatu egin genituen. Eta, noski, abereei janaria eman genien. Bazkaldu ondoren Ugaora itzuli ginen.

Horrela bukatu zen gure irteera. Hoberena gure arteko harremanak indartu egin ditugula. Orokorrean oso ondo pasatu dugu… hobeto esanda, PRIMERAN!!!
Eskerrik asko gurekin etorri ziren irakasleei. Rakel, Maria eta Ainhoa.


3. mailako neska-mutikoak

Sukarrietako barnetegia

(Arazo teknikoak direla eta, atzerapenaz bada ere, hona hemen 4. mailako ikasleek barnetegiari buruz egindako kronika)

Gu laugarren mailako ikasleak gara eta martxoaren 2tik 6ra Sukarrietako barnetegira joan gara. Sukarrietako egoitza Urdaibain kokatuta dago.
Gu hiru irakaslerekin joan gara: Garbiñerekin, Igorrekin eta Arantzarekin.

Han gauza asko egin ditugu: errekara joan eta erreka aztertu; berziklatutako materialak erabiliz jostailuak egin; madalena gozoak prestatu eta jan, noski; zuku naturalak egin; jolastu, lagun berriak egin eta abar luze bat.
Hango irakasleekin kutsadurari buruzko gauza asko ikasi dugu eta konturatu egin gara natura oso txarto dagoela eta guztion esku dagoela bera zaintzea.
Baita ere konturatu gara Bizkaian egunero 1.000.000 kilo zabor sortzen dugula, hau da, hilean 30.000.000 kilo eta urtean 365.000.000 kilo zabor dagoela eta hau arazo handi bat da.

Baina dena ez da ikastea izan, denbora libre nahikoa izan dugu eta asko jolastu gara eta lagun berriak egin ditugu, gurekin beste hiru eskolatako ikasleak izan baitira: Basauriko Lope de Vegakoak, Etxebarriko San Antoniokokoak eta Muskizeko Muskiz eskolakoak.
Hango gure irakasleak Bermeokoak ziren.

Sukarrietako egoitzan sorgin bat zegoen: Mari Suka. Arratsalde batean bokatak ostu zizkigun eta gau batez aurpegia margotu zigun.

Ederto pasatu dugu!

4. mailako neska-mutikoak

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!