2008/12/30

Horra, horra, gure Olentzero


Eskolaren azkenengo egunean, abenduaren 19an, Olentzeroren bisita izan genuen. Goizeko hamarrak aldera eskolako patiora heldu zen bere lagun Astotxo ondoan zuela. Eurekin batera trikitrilari eta txistulariak etorri ziren ere. Patioan, jadanik, Haur Hezkuntzako ume guztiak zain zeuden, irrikitan, Olentzero noiz etorriko zain.

Ikazkina agertu bezain pronto kantuan hasi ziren neska mutikoak. Kantuak eta bertsoak eskeini ostean, kanpoan hotz egiten zuenez, barrura sartu ziren eta geletan Olentzerok opariak banatu zizkien. Haurrak pozaren pozez zebiltzan.

Geroxeago, hamaikak aldera, Lehen Hezkuntzako ikasleak -1. mailatik 6.era- patiora irten ziren eta izugarrizko festa antolatu zuten: bertsoak, kantuak, dantzak... Amaitzeko irakasleek trikitrikariek lagunduta Hator, hator abestu zuten.

Eta horrela joan zitzaigun urte honetako azkenengo eguna. Baina, lasai, urtarrilaren zazpian atzera be elkartuko gara denok eskolan ikasten jarraitzeko.

Musu handi bat eta ondo pasa.

2008/12/15

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Finala


Hurrengo zapatuan, abenduak 20, BOTA Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da Barakaldoko BEC erakustazokan, bertan Unai Iturriaga, Igor Elortza, Xabi Paya, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta.... Arkaitz Estiballes arituko direlarik.

Denok dakizuenez, lehengo urtean hasi ginen Ugao Eskolako seigarren mailetan bertsolaritza lantzen Bertsozale Elkartearen eskutik eta Arkaitz dugu irakasle. Tipo jator eta majua da, irakasle ona. Ah, eta bertsolari aparta.

Zaila duen arren -gainerako bertsolariak oso onak direlako ere-, hemendik gure animorik handienak eman nahi dizkiogu eta denok ozen esan: AUPA ARKAITZ, txapela hirea dok!!!


Seigarren mailako neska-mutikoak

2008/12/12

Zein ondo pasatu dugun Lurraskan


Kaixo lagunok:
Bigarren mailako ikasleok Lurraskara joan gara eta bertan hiru egun eman ditugu. Gurekin Asier, Mª Carmen, Ibai eta Jasone egon dira. Eguraldi txarra egin duen arren oso ondo pasatu dugu eta guztioi joatea gomendatzen dizuegu. Azken egunean ateratako argazki polit honetan ikus daiteke, bertan hiru egunez ondo pasatu eta gero, geratu zaigun alaitasuna eta gorpuzkera. Beno, gorpuzkera nekearen ondorioa ere izan daiteke baina poztasunak dena konpontzen du.

Bigarren mailako neska-mutikoak.

2008/12/01

Urduñako barnetegian izan gara


Kaixo, lagunok:

Gu seigarren mailako ikasleak gara, pasadan astean, azaroaren 24tik 26ra, Urduñako barnetegian egon gara. Lehenengo egunean 10:30ak aldera hara heldu ginen, heldu bezain laster gimnasioan elkartu gintuzten eta arau guztien azalpenak entzun genituen. Zortzinako logeletan jarri ginen, bakoitzak bere ohea aukeratu zuen.

Urduñako barnetegian, Historiako antzinako aroak aztertu genituen ekintzen bidez. Lehenegoz joko erraldoira jolastu genuen aro guztiak ezagutzeko. Jan eta gero, denboraren makinatik igaro eta Erdi Arora heldu ginen. Aro horretako pertsonaia bat ezagutu genuen eta bereien bizimodua eskulanen eta jokoen bidez aztertu genuen. Adibidez: arku tiroketa, dardoak, dorretxe bat egin... Eskulanetan gure hiribildua sortu genuen.
Afaldu ondoren diskotekan dantzatu genuen, geroxeago lo egitera joan ginen nahiz eta batzuk ezin loak hartu.
Hurrengo goizean, gosaldu eta gero, berriz denboraren makintik igaro eta Antzinarora joan ginen. Antzinaroan eskulan bat egin genuen, jainkoei forma eman, eta baita ere artzain baten bizimodua ikusi genuen. Jan eta gero, berriz ere, makinatik pasa eta Historiaurrera joan ginen eta margoak prestatu genituen gure kobazuloan margotu ahal izateko. Askaldu eta denbora libre izan ondoren hiru taldetan banatu ginen antzerki bat prestatzeko. Antzezteko, mozorrotu eta margoztu ginen. Afaldu eta gero, antzerkiak egin aurretik, Harri ikusi genuen eta bukatu ondoren pijama jantzi eta desfilea egin genuen. Lotara joan ginen eta hurrengo goizean, aurpegia margoztuta eta orri bat idatzita aurkitu genuen, Harrik utzitakoa.
Gosaldu ondoren, denboraren makinetik pasatzeko asmoa genuen baina apurtuta zegoen, eta konpontzeko galdera batzuk egin zizkiguten. Ondo erantzun genuenez konpondu egin zen. Horren ondoren bazkaltzera joan ginen eta laurak inguru Ugaon geunden.
Merezi izan du!

Seigarren mailako neska mutikoak

2008/11/14

Gurasook be euskararen alde

Barikuan gure eskolako ikasleok euskararekiko gure konpromisoa sinatu genuen era ikusgari batez: hormirudi batzuetan gure esku aztarnak utziz. Ekintza sinboliko honen bidez gelatik kanpo ere euskaraz arituko garela adierazi nahi izan dugu ikasle guztiok.

Gurasoek ere konpromisoa adierazi nahi izan zuten era berean horretarako eskolaren sarreran jarritako hormidurian.
Euria ari zuen barra-barra, baina gurasoak ez ziren kokildu eta, eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz, ez zuten kale egin eta euskararekiko euren konpromisoa agertu zuten.

Mila esker guztioi.

Astotxo gure eskolan


Gaur bigarrengoz agertu da Astotxo gure eskolan. Bost urtekoen gelara joan da eta egunero euskaraz hitz egiten dutela esan diotenez, izaugarri poztu da. Sari bat merezi dutela pentsatu du eta, horregatik, 2. mailakoak prestatzen ari diren antzezlana hurrengo astean ikustera gonbidatu ditu.

Gero, patiora urten da eta Haur Hezkuntzako ikasle guztiekin egon da: txiki batzuk negarrez, nagusiagaok poz-pozik, ausartienek musu eta laztan... Ipuin bat kontatu die eta umeek euskaraz egiteko duten konpromisoa adierazi diote euren esku aztarnak puzzle erraldoi batean kokatuz.

Euskaraz jolasten ikas dezagun! abestuz agur esan diote txikiek Astotxori. Erabat emozionaturik, aurrerago etorriko dela agindu die -opariekin, gainera!-

Haur Hezkuntzako ikasleok

2008/11/11

Eskola Agenda 21 martxan


Kaixo lagunok. Gure eskolan Agenda 21 proiektuari hasiera eman diogu. Dakizuenez, Agenda 21eko helburua ingurugiroa zaintzea da, horretarako gu guztion lana ezinbestekoa delarik.

Hori dela eta, ikasle guztiekin hainbat ekintza burutu ditugu eskolan, esate baterako: ordezkariak izendatu, bilerak egin, berziklontziak kokatu eta gure maskota.
Bilerak gelaz gela egin dira eta bakoitzean “EKO ORDEZKARI“ bat izendatu da. Gela guztietako ordezkariekin hiru bilera egin dira Agenda 21eko proiektua aurrera eramateko -ikusi goiko argazkia-. Eta dagoeneko lanean hasi gara: besteak beste, orriak berrerabiltzeko kutxak prestatu ditugu, geletan paper asko erabiltzen dugulako; alde bietatik erabilitakoak berziklatzera botatzeko beste batzuk; baita ere, jantokian hondakin organikoak eta plastikoak bereizteko zakarrontziak antolatu ditugu eta hainbat hormirudi politez hormak apaindu.

Azkenik, ume guztien marrazkiekin lehiaketa bat antolatu dugu gure maskota aukeratzeko. Marrazki irabazlea hemen behean duzue, gure txakurtxoa -oraindik ez diogu izenik ipini-.

Eskola Agenda 21eko ordezkariak

2008/11/07

Txipli, Txapla, Pun!!!

Atzo Olga, Ainhoa eta Rosaren geletakoek gaztainak erre genituen danbolin batean eta 3 eta 4 urtekoak konbidatu genituen.
Oso bero eta gozo zeuden.
Oso ondo pasatu genuen.
Amaieran 6. mailakoak etorri ziren eskabadora ekartzera.
(Baina hobeto haiek idatzitakoa irakurtzen baduzue beherago)


5 urteko neska-mutikoak

2008/10/29

Zeraingo barnetegitik gatoz...


Dakizuenez, 5. mailako ikasleak pasa den astean Zeraingo barnetegian izan gara eta oso, oso, oso ondo pasatu dugu. Zerain oso herri txikia da, baina oso polita. Ederra benetan! Barnetegiko etxea ere txikia da, baina primeran egon gara. Bertan Txema, Josetxo, Amaia, Eli eta Agustin monitoreak izan ditugu eta beraiekin jolasak eta dantzak prestatu, mendira joan, tailerrak egin, pelikulak ikusi, abestiak abestu, boloetara jolastu, euskaraz hitz egin.... Denetarik egin dugu.
Hemendik eskertu nahi ditugu gurekin egon diren irakasleak: Maite, Amaia, Iratxe eta Eba.
Gustatuko litzaiguke hurrengo urtean ere barnetegi batera joatea.
Hurrengo egunetan gure hainbat argazki eskegiko ditugu denok ikusteko. Gero arte.

5. mailako ikasleak

2008/10/26

Franklin eta lakuko altxorra

Ostiralean, urriak 24, bost urteko ikasleak Rosa, Olga, Maite eta Ainhoarekin joan ziren Basaurira pelikula bat ikustera: Franklin eta lakuko altxorra. Trena goizeko bederatzietan hartu zuten. Pelikula marrazki bizidunak dira eta ikasleei asko gustatu zitzaien. Bertan Franklin dortoka txiki eta maitagarriak hainbat abentura bizi ditu bere inguruko lagunekin. Izugarri gustatzen zaio jolastea eta beti dago galderaren bat egiteko prest, eta oraingo honetan, enigma bat argitu beharko du maite eta errespetatzen duen amona salbatzeko. Hona hemen ikasleek eurek idatzitakoa.














5 urteko neska-mutikoak

2008/10/15

Papirus antzerki lana


Atzo, urriak 14, hirugarren eta laugarren mailetako neska mutikoak Bilbora jeitsi ginen trenez Xirriquitela Teatre taldearen Papirus antzezlana ikustera. Bilborrock izeneko aretoan ikusi genuen. Ordubeteko iraupena izan zuen, gutxi gorabehera. Pixka bat berezia izan zen obra, zeren ez baitzuten hitzik egiten, beraz, keinuek-eta garrantzia handia zuten. Hona hemen ikasle batzuen iritziak:
- Asko gustatu zait paperez eskulan politak egin dituztelako.
- Niri ere gustatu zait erabilitako jantziak zaharrak zirelako.
- Asko gustatu zait egindako marrazkia.
- Hasieran aspergarria iruditu zait, baina animatzen joan da eta polita izan da azkenean.
- Mutua izatea ez zait gustatu.
- Oso eszena dibertigarriak egon dira: hamasei ume jaio direnean, haurdun geratu denean haziaz...

3. eta 4. mailetako ikasleok

2008/10/08

Barnetegira goaz!




Hurrengo astelehenean, urriak 20, Zeraingo barnetegira joango gara 5. mailako neska-mutilok. Gurekin lau irakasle etorriko dira, bi eta bi: Maite eta Amaia; Iratxe eta Eba. Han astebete emango dugu, ostirala arte, euskaraz biziz eta jolastuz.
Itzuleran kontatuko dizuegu zer egin dugun eta argazkiren bat edo beste ipiniko dugu gure bitakora honetan.
Besterik gabe, etorri arte.

5. mailako ikasleok

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!