2009/12/14

Axa Mixa, abenduaren 14tik 20ra

Astelehena 14: Gure izarrak, Tiboliko Viuda de Epalza eskolako 3. mailako lagunak eta euren Ingelera irakaslea izango dira. Gosariaren garrantziaz hitz egingo dabe ingeleraz.
Martitzena 15: Tibolin jarraituko dogu gure lagunekin, eta oraingoan asteko egunak ingelesez eta euren abesti gogokoenak abestuko dabez.
Eguaztena 16: Tiboli eskolako lagunek haien eskola eta kanta batzuk aurkeztuko dizkigute ingelesez, Trapaga eskolako lagunek, berriz, ipuin eta txiste batzuk.
Eguena 17: Tiboli eskolako lagunek eskolako gela bakoitzean zer egiten den azalduko digute, ingelesez eta Trapaga eskolako lagunek txiste eta asmakizun batzuk.
Barikua 18: Ezagutzen al dozue Basurto Ospitalean dagoan eskola? Ba adi bazagoze, han dagozan umeen ahoz ezagutuko dozue; Julen, Braylin, Esti, Nelson eta Adrian. Guzti hau laguntzeko “Sendatu Naiz” abestuko dabe pailazo maitagarriek. Amaitzeko liburutegi bitxi batera txangoa egingo dogu, “La biblioteca del Cienpiés”, izenekora.
Zapatua 19: Ni zuek banintz, ez neuke saio hau galduko, esnatu, gosaldu eta Axa-Mixa piztu!
Domeka 20: Murgiatik hartz eta zomorroen inguruan hamaika istorio ailegatuko jakuz, erne ba!

2009/12/10

Animals in their habitats

Hello! We´re 5th level students. This is our English class project. You´re going to see our animals in their habitats.
We used different materials: boxes, plasticine, toy animals, tempera paint, paper …
Here you are! We hope you´ll like them!!!
Kaixo! 5. mailako ikasleak gara. Hau da gure ingeles gelako proiektua. Gure animaliak beraien habitetan ikusiko dituzue.
Material desberdinak erabili ditugu: kutxak, plastilina, jostailuzko animaliak, tenpera, papera …
Hemen daude! Zuen gustokoak izatea espero dugu !!!


Bosgarren mailako ikasleok

Keep healthy


Hello! We´re 3rd level students. When we finish classes, we do some exercise to keep healthy and we enjoy a lot !!!
Kaixo! 3. mailako ikasleak gara. Klaseak bukatu ondoren, kirola egiten dugu osasuntsu egoteko eta oso ondo pasatzen dugu!!!

Hirugarren mailako ikasleok

Elkarbizitza logo lehiaketa

Kaixo lagunok!
Badakit artistak zaretela, beraz, lehiaketa hau zuentzat egina dago. Gure ikastetxea “elkarbizitza proiektuan” murgilduta dago eta proiektu honek logotipo bat behar du. Beraz, zuen eskuetan uzten dut asmakuntza hau. Hasi marrazten eta gabonen ostean, klasera eraman (logotipoa zer den jakiteko gelan duzue azalpen orri bat)

Lehiaketaren oinarriak:
-Helburua: Gure ikastetxeko elkarbizitza logotipoa sortu.
-Gaia: “Eskolan gustura”.
-Epaimahaia: gela bakoitzetik 2.
-Partehartzaileak: Eskolako bigarren eta hirugarren zikloko ikasle guztiak.

-Epea: 2010eko urtarrilaren 14tik 2010ko otsailaren 11ra arte.
-Arauak: Lanak eskuz nahiz ordenagailuz egindakoak izango dira, elkarbizitzari dagozkion marrazkia eta hitz esanguratsu batzuk edota ikur-hitzak barne dituztelarik.
-Tutoreari entregatu logoa edo irudia.

-Sariak: Irabaziko duen LOGOa, epaileen erabakia jakiten dugunetik, proiektu honek egingo dituen idazki guztietan agertuko da. Irabazleak primerako saria, oraindik erabaki gabe dagoena, jasoko du.

Bergoi Ituiño
Elkarbizitza proiektuko arduraduna

2009/12/09

Axa Mixa: abenduaren 7tik 13rako programazioa

Astelehena 7: Ilargiari buruzko olerki bat entzungo dogu, Inmak kontatua, Antton Irustaren Izarrak ipuinarekin jarraitzeko. Pagasarribide eskolako ikasleak erlijioari buruz mintzatzen dira eta Basurto eskolakoak etikako irakasleari egingo deutsie elkarrizketa xelebrea.
Martitzena 8: Antton Irustak, idazle eta ipuin kontalariak, “Haizea eta Eguzkia” ipuina azalduko deusku eta Nellyk galdera sortatxoa egingo deutso.Eta gainera, olerki eta txiste ederrak gero!
Eguaztena 9: Ugao eskolako lagunak piraten mundua agertuko dabe ipuin batekin. Honetan, bildurra uxatzeko aholkuak emongo dabez. Gallego Gorria eskolako haur hezkuntzako lagunak ere, zeren bildur diran ere esango deuskue. Ondoren, Ugao eskolako 6. mailako ikasleak Saharatik etorritako lagun barriari egindako elkarrizketa entzungai izango da. Txiste batzuk eta “euskara hobetzen” saioaren atal barria, ere bai.
Eguena 10: Ugao eskolako lagunekin bertsolaritzan murgilduko gara. Gurekin izango dira Murgia institutuko lagunak, baita Cervantes eskolakoak ere.
Barikua 11: Unibertsoari buruz ikasi dabezan kontuak azalduko deuskuez, ilargi eta eguzkiri buruzko kanta batzuekin….. Geroxeago, musika eskolako irakasle bati egindako elkarrizketa entzungo dogu.
Zapatua 12: Gaur eskola berri bat ezagutuko dugu: Bilboko Zurbaran auzokoa, hain zuzen ere. Han, komunikazio tailerra, agenda 21 eta komiki tailerra zelan egiten dabeen azalduko deuskue. Agur batzuk botako dabez hizkuntza desberdinetan. Camacho eskolako lagunak ere, kanta batzuk aurkeztuko dabez.
Domeka 13: Zurbarango lagunak, zoriontasuna, lagunak, dibertitzea eta abar zer diran azalduko dabe. Mina del Morro eskolako lagunekinere egongo gara. Doinu alaia lortzeko, fanfarre batzuk entzungo doguz Belgika eta Errumaniako kaleetan dabiltzanak

2009/12/04

Ugao eskolako irratia FM bidez, 97.00


Axa-Mixa (http://www.axamixa.blogspot.com/) izeneko saioa da Tas-Tas irrati librean umeentzako egiten den irratsaio bat da, Bizkaiko eskoleekin elkarlanean. Egitasmo honetan parte hartzeko gonbita BIGEren eskutik heldu zaigu eta, gure eskolan irrati tailerra daukagunez, arduradunekin jarri gara harremanetan. Guk egiten ditugun saioak -blog honetan entzungarrieta jesitesko moduan daudenak-entzun eta oso onak direla esan digute, bai teknikoki nola edukiei dagokienez -elkarrizketak, euskara hobetuz...- Hori dela eta, ikasleek grabaturiko saioak hasiko dira emititzen FM irratian abenduaren 9tik aurrera. Astez asteko Axa-Mixaren programazioa gure blogean jarriko dugu.
Entzuteko ordutegiak eta diala hauexek dira: Tas-Tas irratia, FM 97.00, astelehentik ostiralera goizeko 8etan eta zapatu eta domeketan goizeko 10etan.
Hemendik aurrera Ugao eskolaren irratia FM uhinetan!

www.ugaonikasi.blogspot.com
http://www.axamixa.blogspot.com/
Tas-Tas irratia, 97.00 FM

2009/12/01

Mandoia mendira irteera

Azaroaren 22an gure eskolako Guraso Elkarteak Ugaoko Mendi Taldearen laguntzaz Mandoia mendira irteera bat antolatu zuen. Pila bat ume eta nagusi joan ziren eta, egia esan, ederto pasatu zuten, eguraldia lagun.
Guraso Elkartetik egun horretako argazki polit batzuk helarazi dizkigute gure blogean eskegitzeko (eta, bide batez, ea gehiago animatzen garen hurrengorako)
Eskumako zutabean aurkitu ditzakezue.

Guraso Elkartea

2009/11/24

Arte Ederretako museoa

Azaroaren 18 eta 19an hirugarren eta laugarren mailako ikasleok Bilboko Arte Ederretako museora joan ginen. Han margolanaki kusi genituen.
Lehenengo lanak kolore ilunak zituen eta bigarrenak kolore argiagoak.
Hirugarren margoan antzinako jaiak ikusi genituen eta beraien arropak ere aztertu genituen.

Hurrengoa oso modernoa zen.
Ez genituen margolanak bakarrik ikusi, eskulturak baita ere.
Margolan eta eskultura gehiago ikusi genituen baina ez genituen aztertu.
Museoaren ondoan parke polit bat zegoen. Parke horretan denbora pixka batean egon ginen jolasten eta gero Ugaora trenez itzuli ginen. Gure ustez oso interesgarria izan zen irteera, dena dela dibertigarriena aisaldia.


Hirugarren eta laugarren mailako neska-mutikoak

Mercabilbaora bisita


Atzo 6.mailako ikasleak Merkabilbaora joan ginen eta Ainhoa izeneko monitorearekin bizita egin genuen. Bertan, datu orokor batzuk eman ostean, pabeioi desberdinetatik (hozkailu naguzia, fruta eta barazkiena, fruta exotikoena, bananena, arrainena) ibilbidea egin genuen.Gauza asko ikasi genuen:fruta eta baraskiak nola mantentzen diren,handizkariak eta txikizkariak nortzuk diren,produktuen banaketa prozesua, fruta exotikoak, arrain motak, arrainak itsasotik platerera egiten duen ibilbidea.
Bi kiloko laranja poltsa bat eman ziguten eta bisitari amaiera emateko arrain pintxo gozo gozo bat jan genuen.PRIMERAN PASA GENUEN!!!


Seigarren mailako neska-mutikoak

2009/11/13

Gugemheim museoan


Hilabete honetako 10 eta 12ean, Guggemheim museora joan ginen lehen eta bigarren mailako ikasleak. Bertan bisita gidatu bat egin genuen eta estilo desberdinetako obrak ikusi genituen. Museoa polita da eta bertan dauden obrak ikusgarriak, baina gehien gustatu zitzaiguna gu artista bihurtu ginenean izan zen. Barne aldean zegoen gela batean sartu eta gu geu hasi ginen artea sortzen. Ahaztezina izan zen. Ez baduzue sinesten begiratu bideoa.


2009/11/11

Astotxoren bisita


Gaur goizean eskolako pasabidean Astotxo topatu dugu. Hau sorpresa ederra! Bere bisitare arrazoia galde egin dioguenan, umeei euskaraz gehiagotan egin dezaten animatzera etorri dela esan digu.
Dena den, hemen duzue Astotxori egin diogun elkarrizketa entzuteko modua.

2009/11/03

Zinemara joan gara


Aurreko barikuan, urriaren 30ean, lehen eta bigarren mailetako ikasleok zinemara joan ginen, Bilboko Capitol zinema aretora hain zuzen ere. Han Lotte izeneko pelikula ikusi genuen. Hona hemen sipnosia: Europako txoko batean, itsaso handi baten ertzean, herri txiki bat dago. Bertako herritarrei aparailuak asmatzea gustatzen zaie eta urtero asmakizun berrien lehiaketa antolatzen dute.

Eta orain, ikasleen iritziak:

- TXAKUR BAT SEGOEN JUDO IKASI SUEN ETA KATU BATEN LAGUNA ZEN.
- OSO POLITA ISAN DA. LOTTEK JUDO IKASI SUEN ETA BERE LAGUNAK ERE. HORRELA TXAPELKETA BAT IRABASI SUTEN JAPONIAN. AGUR ETA MUSU BAT.
- OSO POLITA ISAN SEN. JUDO EGITEN ZUTEN DEFENDITXEKO, ETA TZAPELKETA BAT IRABASI SUTEN
- OSO POLITA ISAN SEN. TXAKUR BAT SEN, 3 LAGUN DAUKA: KATU BAT, UNTXI BAT ETA ERRLE BAT. ETA JOAN SIREN ERRI BATERA ETA IKASI SUTEN JUDO. AGUR GUSTIORI
- OSO POLITA IRUDITU SITZAIGUN. TXAKUR BATI BURUS SIJOAN, LAGUNAK UNTXIA, KATUA ETA ERLEA SIREN. JUDO EGITEN IKASI SUTEN ERLEAK IRAKATZI SIELAKO.
- GUSTATU SAIGU PELIKULA, JUDO IKASI ZUTEN TORNEO BAT EGITEKO ETA TSAPELDUNA LOTTE IZAN ZEN.
- POLITA IZAN ZEN. NIRETZAT BE BAI, ASKO GUSTATU ZITSAIDAN. NIRI GEIEN GUSTATU SITXAIDANA LOTTE ISAN ZEN ETA BERE LAGUN GUSTIAK. NIRETSAT IMAJEN POLITENA JUDOA EGITEN SUTENEAN ETA ERLEA AGERTSEN SENEAN IZAN ZEN. AGUR ETA MUSU ANDI BAT GUSTIOI

(Barka akats ortografikoak, oraindik lehen mailan gaude eta)

2009/10/28

Udal Liburutegira bisita


Pasa den asteazkenean, urriaren 21an, 1. mailako ikasleak udal liburutegira joan ginen. Bertan liburuen unibertso zoragarria ezagutarazi ziguten ipuin eta kanten bitartez.
Irakurtzea aspergarria dela uste genuenok horri buruzko gure ikuspegia aldatu dugu.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin egon ziren liburuen unibertsoko gidariei eta oso ondo pasatu genuela esan nahi diegu.
Liburuen unibertsoa harrigarria da benetan!!!!

Lehen mailako neska-mutikoak

2009/10/22

Ikasturte honetako lehen irratsaioa

Kaixo, lagunok.
Espero baino beranduago izan bada ere, hona hemen ikasturte honetako estreineko irratsaioa, seigarren mailako ikasleen eskutik. Hemendik aurrera, astero-astero, irratsaio berri bat jarriko dugu entzungarri bariku goizean (ikasgelan, etxean edota zuen lagunen etxean entzun dezakezue blog honen bidez)
Aurten atal berriak ditugu irratian, adibidez, Okerrak zuzenduz, ikasleok egiten ohi ditugun akatsak zuzentzeko gomendio eta erabilera zuzenarekin. Beraz, adi! eta euskara zuzena erabili.
Bestetik, igarkizunen atala bultzatu nahi dugu. Hori dela eta, hilean behin zozketa bat egingo dugu igarkizunak asmatu dituztenen artean, sariak liburuak, musika cdak, pelikulak, bideojokoak... izango direlarik. Animatu zaitezte eta parte hartu, zure irakasleak betetzeko orria du, eska iezaiozue.
Eta beti bezala, blogaren helbide elektronikoan - ugaonikasi@gmail.com- utzi ahal dituzue gure irratia hobetzeko zuen iradokizunak.
On izan eta hurrengo astea arte.

Irratiko arduraduna.

2009/09/23

Irratia laster martxan berriro

Dagoeneko hasi gara ikasturte honetako irrati saioak antolatzen eta laster blog honetan entzungarri izango dira.
Hain zuzen ere, urriaren 15ean hasiko gara saio berriak igotzen eta, beti bezala, nagusienekin hasiko gara grabatzen.
Beraz, aurreko ikasturtekoak entzuteko azkenego aukera duzue egunotan, berehala ezabatuko baititugu berriei tokia egiteko.
Gogoan izan, urriaren 15etik aurrera, ostegunero, irrati saio berri bat Ugao eskolaren blogean.
A, eta kometatu zure lagunei, izeko-osabei... denek gure irratia entzun dezaten


Irrati tailerraren arduraduna

2009/09/10

Ikasturte berria hasi da



Ikasturte berria hasi da, bai horixe!
Urte bat handiagoak gara, maila bat gorago gaude, pila bat kontu berri ikasteko gogoberriturik gatoz... Eta blog honetan, lehengo urtean hasitako bideari ekinez, horren guztiaren berri utziko dugu.
Berehala hasiko gara gauzatzen ditugun ekintzen kronikatxoak idazten, argazkiak eskegitzen, irratsaio berriak grabatzen eta entzungarri jartzen...
Ondo pasa jaietan eta ez ahaztu lantzean behin zure blog honetara bisitatxo bat egitea.
Laster arte.

2009/06/15

Azken irratsaio berezia.


Ikasturtea amaitzen ari da eta gure irratsaioak ere. Urtean zehar hainbat talde pasatu dira gure estudiotik haien saioak grabatzera. Azkenengoak 3. mailakoak izan dira (11. eta 12. saioak)
Baina ezin dugu aurten estreinatu dugun esperientzia hau edozelan agurtu. Horregatik, azken irratsaioa berezia izango da. Berezia, berez, irratsaio bat ez delako, laugarren mailako neska mutikoen kanta bi baizik.
Eta zergatik hau? Denok dakizuenez gure ikastetxean euskararen erabilera suspertzeko hainbat ekintza burutzen dugu, haien artean honako hauek: bertsolaritza, 6. mailako bertsolari gazteen eskutik; antzerkigintza, 5. mailko aktore sasiprofesionaleekin; eta kantagintza 4. mailako ahots ederrei esker. Baina gure ikastetxean bakarrik gera ez dadin, beste ikastetxeetara joaten gara gure ikuskizunak eskeintzera. Aurten Antzerkigintzakoak Arrigorriagara joan dira eta bertsolariak Basauriko bi eskoletara. Kantagintzakoak aurten ezin izan dira joan eta, horregatik, goiz batean, musika-gela musika-estudio bihurtu eta kantu pare bat grabatu genituen euren trebetasunaren lekuko. Gure irrati aparailuan dituzue entzungai: Lau aeroplano Bermeoko kantua eta Eperra ziberutar doinua.

2009/05/22

Eskola Agenda 21eko Udal Foroa. Aurkezpena


Eskolako Agenda 21eko Foroaren lan saioa ospatu zen maiatzaren 18an Udaletxean. Saio honekin bukatzen dira 2008-2009 ikasturtearen Eskola Agenda 21eko ekitaldiak.
Ekataldi honetan 6. mailako ikasleek, Eko-ordezkariek, Udaletxeko arduradunek eta eskolako zuzendariak zein Agenda 21eko koordinatzaileak parte hartu zuten.
Ekitaldian aurtengo kutsoaren zehar egin diren lanak azaldu zituzten Eko-ordezkariek powerpoint baten bidez.
Amaitzeko, eta agurtutakoan, Udaletxeko arduradunek batidoa eta gozopil bana eskeini ziguten. Eskolaren izenean, Zuzendariak Karpetak
banatu zituen.
Nahiz eta aurtengo ekintzak bukatutzat eman, gure asmoa kontsumoarekin jarraitzea da, bidea zabaldu baino ez dugu egin eta.

Eskerrik asko.

Eskola Agenda 21ko arduraduna

2009/05/13

Aupa Athletic, geuria!

Gaur gure ikastetxean, Bizkai osan legez, Euskal Herri osoan bezala, zurigorriak gara. Ikasleak, irakasleak, jantokiko langileak... denok gure Athleticegaz bat. Giro itzela dago. Bestela, begira argazkiei.
Aupa Athletic, zu zara nagusia!
Garaipena gurea da!


2009/05/12

English class' robots

Hello, boys and girls!
Hirugarren mailan errobotoak egin ditugu ingeles gelan. Oso ondo pasatu dugu errobotak egiten. irudimen handia dugunez, oso politak atera zaizkigu, den-denak ezberdinak: handiak, hiperhandiak, txikiak, megatxikiak, koloretsuak, karratuak, biribilak...
Ah, eta errobotak egin bitartean ingelesa pila ikasi dugu, bestela, irakurri, irakurri...

- We used paper, carboard, reclycling materials, stikers, clips, pens...
- We enjoyed a lot, it's fantastic!
- Here you have our photos.



Hirugarren mailako neska-mutikoak

2009/05/04

Urkiolako parkean

Apirilaren 22an 3. mailako ikasleak eta 29an 4. mailakoak Urkiolako parke naturalera joan ziren. Hona hemen euren kronikak.

Hirugarren maila
Apirilaren 22an gure eskolako hirugarren mailako neskak mutikoak Urkiolako Parke Naturala ezagutzera joan ginen. Irteeraren helburu orokorrak hauek izan ziren:
- Babesturiko natur guneen garrantzia ezagutzea.
- Urkiolako Parke Naturaleko ingurua ezagutzea.
- Parkeko zuhaitz eta animaliak ezagutzea.
- Ingurunearekiko begirunezko portaera sortuko duten baloreak eta jarrerak bultzatzea.
Ondo bete ditugula esan dezakegu.

Hasieran Toki Alai parkeko interpretazio zentrora joan ginen erakusketa bat ikustera. Hango ekosistema, fauna, landaretza eta mitologia erakutsi zizkiguten.
Erakusketan ikusentzunezko bat, hiru dimentsiotako maketak, pantaila interaktiboak eta azalpenak ematen dituzten panelak zeuden. Material honen laguntzaz eta ikasleentzat prestaturiko fitxa batuen bidez landu genituzten prestatutako edukiak.

Gero kanpoaldeko jarduerak egiteko aukera izan genuen: ibilbide didaktiko bat eta mitologiari buruzko tailer bat.
Orokorrean baliogarria izan dela uste dugu, gelako programazioarekin lotuta dagoelako.


Laugarren maila
Apirilaren 29an Urkiolako Parke Naturalera joan ginen Igor, Arantza eta Garbiñerekin. Han bi talde egin genituen, batzuk Alainekin jaon ginen eta besteak Susanarekin. Alain eta Susana bertako irakasleak dira.

Urkiolan ibilbide bat egin genuen, oinatzak, lumak... ikusi genituen.
Pelikula batean Anboto nola azaleratu zen ikusi genuen eta zenbat animalia dagoen ere.
Beste jolas bat kutxa majikoarena izan zen: kutxaren barruan eskua sartu eta barruan zegoena asmatu behar genuen.

Hamabiak aldera hamaiketakoa hartu genuen: sagarrak, zerealak, galletak etab. ordu biak aldera bazkaldu genuen: pernil eta solomozko bokatak.
Geroxeago, denbora librea izan genuen, ordu bat edo, jolasteko.
Azkenik, Ugaora itzultzeko autobusa hartu genuen. Ia denak zorabiatu egin ginen eta botaka egin genuen.
Halere, oso ondo pasatu eta asko ikasi genuen.


3. eta 4. mailetako neska-mutikoak

2009/04/20

Irratia berriro martxan

Oporraldia aurretik, arazo batzuk zirela medio, irratsaio gehiago grabatzeari utzi genion. Lasai, berriro gabiltza martxan! Bariku honetan hasiko gara saio berriak grabatzen, hain zuzen ere, bigarren mailako ikasleekin. Beraz, aurki blogean entzungarri txiste berriak, albisteak, irrati-nobelaren jarraipena, elkarrizketa gehiago...
Ez hutsik egin eta eskolako irratia entzun blog honetan.

Irratiko arduraduna.

Kirol eta jolas eguna


Eta astea amaitzeko, barikuan kirol eta jolas eguna ospatu genuen.
Lehen Hezkuntzako ikasleak 9:30etatik 11ak arte ibili ziren jotake kirolean, izerdi patsetan norgehiagoka... seigarren mailako ikasle-epaileen ardurapean: soka-tira, lokotxak, harri jasoketa, txingak, boloak, haur-probak, hankak lotuta korrika... Ederto pasatu zuten.
Eta nagusienek amaitutakoan, Haur Hezkuntzako ikasleen txanda izan zen: jolasak. Txikiek primeran pasatu zuten: txingak, zaku lasterketa, patinete lasterketa, boloak, goilararena... eta, bai horixe, motorrentzako zirkuitua bi urtekoentzat.
Azkenean, Astotxok bisita egin zien txikiei eta haiekin hitz egin eta kantatu egin zuen. Baita gogorarazi euskaldun egiten gaituena euskara dela eta, beraz, egunero-egunero, goiz eta arratsaldez, euskaraz hitz egin behar dugula.
Egun horretan ez zen arratsaldez eskolarik egon eta, bazkal ostean, UDABERRIKO OPORRAK HASI ZIREN... IUUUUPI!!!

Astotxoren lagunak

2009/04/02

Zirko eguna


Gaur zirko eguna ospatu dugu. Sebastopoleko Titiriteroak goizean goiz etorri eta eskolako patioa zirko erraldoi bihurtu dute. Lehoiak eta elefanteak falta ziren bakarrik, baina berdin, piztia ugari dago gure ikastetxean, kar, kar, kar...
Goiz osoan zehar bertatik pasatu dira ikasle eta irakasle guztiak, txikienetatik handienetara. Denontzako tokia eta tailerrak egon dira: puzgarri bi, futbolin erraldoi bat, xake joku erraldoia, xaboi-ponpa erraldoiak egiteko tramankuluak -jope, dena erraldoi-, esku lanak egiteko mahaia... eta, jakina, koltxoneta elastikoak, hankapaluetan edota pilota erraldoiaren gainean ibiltzen ikasteko tresneria, alanbrearen gainetik ibiltzekoa, malabareak egiteko ikastarotxoa, arku jaurtiketarako eremua....
Ikusten duzuenez, denetarikoa. Ah, eta titiriteroak oso atseginak eta jatorrak. Hau bai zirko, hau bai goiz entretenigarria! Primeran pasatu dugu.

Astotxoaren lagunak

Korrika Txikia

Gaur, asteazkenean, Korrika Txikia ospatu dugu herrian.
2:45etan irten gara eskolatik eta herri osoa zeharkatu ostean plazara heldu gara festa giro ezin hobean. Lekukoa eta ikurriña maila bakoitzeko ikasle bik eraman dute eta handitik txikira joan gara, hau da: 6. mailakoek eskolan hartu dute lekukoa -eta, beraz, ibilbide osoa burutu dute-; futbol zelai ondoko zubian 5. mailakoek; onodren 4.ekoek... eta horrela postetxe aurrean bi urteko txikiek hartu duten arte.
Plazan jailadia egin dugu: Txikienak ikusle izan dira eta LHko talde guztiek zerbait prestatu dute.
Lehen mailakoek Tirri-tarra abestia kantatu dute; bigarrenekoek, Ilargia; hirugarren mailakoek Etxea eraiki egin dute; laugarrenekoek, berriz, gelaka egin dute, Eperra eta Bermeoko portuan; bosgarren mailakoek koreografia polit bat Txis Pun Korrika kantarekin; amaitzeko, seigarren mailakoek bertso saio ederra eskeini digute.
Baina astea oraindik ez da amaitu. Bihar bertan, titiriteroak etorriko dira eta zirko tailer handia jarriko dute eskolako patioan eta barikua kirol eta jolas eguna izango da.
Eta ez ahaztu, zapatuan eguerdian KORRIKA 16 helduko da Ugaora. Goazen denok korrika....


Astotxoren lagunak

2009/03/31

Antzerki eguna

Kultur Asteko bigarren eguna pasatu da. Gaur antzerkiari dedikatu diogu.
Orain urte batzuk hasitako bideari jarraiki, bosgarren mailako ikasleek antzezlan pare bat prestatu dute guztiei eskeintzeko: "Itsuak" eta "Erregearen froga". Oso dibertigarriak izan dira biak, eta ikuslegoak horrela aitortu die antzezleei.

Egun osoan zehar gure ikastetxeko ikasle guztiak Jane Jauregira etorri dira antzezlanaz gozatzera -tire, guztiak ez, bi urtekoak ez baitira etorri- Arratsaldeko bostetan, berriz, herri osoari zabaldu diogu ikusteko aukera -bai horixe; orain urte batzuk antzezleen gurasoak baino ez ziren etortzen, baina, egun, horiez gain, auzokoak, lagunak, herritarrak... datoz-. Guztira lau funtzioi egin dituzte, lau!!! Hau bai profesionaltasuna.
Hemen dituzue argazki batzuk. (argazkilaria Maisu Goio)



Astotxoren lagunak

2009/03/30

Literatura eguna


Gaur, astelehenean, Kultur Asteari emateko Literatura eguna ospatu dugu. Alde batetik, 1. mailatik 5. mailara arteko ikasleok talde txikitan elkartu gara -maila ezberdinetakoak- eta ipuinak asmatzen ibili gara. Oso kontu polita izan da, nagusiak eta txikiak denok batera... gero ipuinak irakasleei eman dizkiegu zuzen ditzaten eta asteazkenean elkartuko gara berriro garbira pasatzeko eta marrazki ederrez apaintzeko. Hau egindakoan, ikastetxeko hormetan eskegiko ditugu denek irakurri ahal izateko.

Eta zergatik ez dira seigarren mailako neska mutikoak egon? galdetuko diozue zeuen buruari. Bada, eurek irakurri duten liburu baten idazlearen bisita jaso dutelako: Antton Irusta. Oso ondo pasatu dute, euren galderei erantzuteaz gain, eurekin ipuinak asmatzen eta antzerkitxoak egiten ibili delako.
Kultur Asteko lehen eguna primeran pasatu da.

Astotxoren lagunak

2009/03/29

Kultur Astea 2009

Badator Kultur Astea. Badator Korrika 16.
Urtero bezala, martxoaren 30etik apirilaren 3a arte Kultur Astea ospatuko dugu eskolan ere. Aurten, gainera, bi urterik behin gertatzen den bezala, Korrikarekin batera, oraingoa 16.a (korrikaren kanta eta bideoa hemen).
Hemen daukazue aste honetan egingo ditugun ekintzen zerrenda luzea.
Blog honetan egunero jarriko ditugu egun horretako ekitaldien kronika eta argazkiak. Beraz, egunero sartu blogean.

Literatura eguna (martxoak 30, astelehena)
Goizean 1. mailatik 5. mailara arteko ikasleak, taldeka, ipuinak asmatu eta idatziko dituzte.
6. mailakoek Antton Irusta idazlearen bisita jasoko dute.
Haur Hezkuntzan, Astotxoren bisitaldia.

Antzerki eguna (martxoak 31, martitzena)
Egunean zehar antzerki lan bi ikasle guztientzat
5. mailako ikasleen eskutik, Jane Jauregian.
Arratsaldeko 5etan, herritar guztientzat Janen.

Korrika Txikia (apirilak 1, eguaztena)
Goizean ikasleek asteleheneko ipuinak garbira pasa eta marrazkiz apainduko dituzte.
Eguerdiko 2:45etan, KORRIKA TXIKIA. Ibilibidea (6. mailatik 2 urtekoen gelara): Eskola – Txuma aseguruak – Parke berdea – Tren geltokia – Gorelec – Benito taberna – Charter – Ermita – Plaza – Anbulatorioa – Parke berdea
Ondoren, parke berdean, ikasleen ikuskizuna: karaokea, kantak, bertsoak...
Jarraian, haur berbena “Gramola” dantzaldiarekin.

Zirko eguna (apirilak 2, eguena)
Goiz osoan zehar zirko tailerra eskolako patioan Sebastopoleko Titiriteroen eskutik.

Kirol eguna (apirilak 3, barikua)
Goizeko 9:30etatik 11ak arte, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat herri kirolak eskolako patioan seigarren mailako ikasleen eskutik.
11etatik 12:30etara jolasak Haur Hezkuntzako ikasleentzat. Ondoren, Astotxoren bisita.

2009/03/25

Lapurreketako barnetegia

(Arazo teknikoak direla eta, atzerapenaz bada ere, hona hemen 3. mailako ikasleek barnetegiari buruz egindako kronika)

Astelehenean, 9:30etan, plazan elkartu ginen 3. mailako umeak Lapurreketara joateko. Autobusa hartu genuen 33 ikaslek eta 3 irakaslek ondo pasateko asmoz.
Hamaiketarako Lapurreketan geunden, han lehenengoz maletak utzi eta baserriko antolamenduari buruzko pelikul aba t ikusi genuen. Ekintzak hiru egunetan banatu ziren.


Lehen eguneko ekintzak: interpretazio arloa Zumeltzan, nekazari arloa eta label arloa. Arratsaldean Zumeltza aireportua eta bere historia ezagutu genuen. Era berean, zuhaitz mota batzuk ikusi genituen. Azkaldu eta gero, landareak eta abereak ere ezagutu genituen.
Gauean jolas batzuk eta gero ohera.

Bigarren egunean goizean errezeta batzuk ikasi genituen: erroskillak eta bizkotxoa. Arratsaldean Koikili futbolariaren herrira –hau da, Otxandiora- joan ginen. Bulkano taldearen zelaian egon ginen. Bidetik mugarri bat ikusi genuen. Aintzinean mugarriak erabiltzen ziren herrien mugak non zeuden adierazteko, kasu honetan, Otxandio eta Dimaren artekoa.
Ibili, azkaldu eta afaldu ondoren gorputza mugitzera diskotekara.

Hirugarren egunean taloa eta gazta egiten ikasi eta dastatu egin genituen. Eta, noski, abereei janaria eman genien. Bazkaldu ondoren Ugaora itzuli ginen.

Horrela bukatu zen gure irteera. Hoberena gure arteko harremanak indartu egin ditugula. Orokorrean oso ondo pasatu dugu… hobeto esanda, PRIMERAN!!!
Eskerrik asko gurekin etorri ziren irakasleei. Rakel, Maria eta Ainhoa.


3. mailako neska-mutikoak

Sukarrietako barnetegia

(Arazo teknikoak direla eta, atzerapenaz bada ere, hona hemen 4. mailako ikasleek barnetegiari buruz egindako kronika)

Gu laugarren mailako ikasleak gara eta martxoaren 2tik 6ra Sukarrietako barnetegira joan gara. Sukarrietako egoitza Urdaibain kokatuta dago.
Gu hiru irakaslerekin joan gara: Garbiñerekin, Igorrekin eta Arantzarekin.

Han gauza asko egin ditugu: errekara joan eta erreka aztertu; berziklatutako materialak erabiliz jostailuak egin; madalena gozoak prestatu eta jan, noski; zuku naturalak egin; jolastu, lagun berriak egin eta abar luze bat.
Hango irakasleekin kutsadurari buruzko gauza asko ikasi dugu eta konturatu egin gara natura oso txarto dagoela eta guztion esku dagoela bera zaintzea.
Baita ere konturatu gara Bizkaian egunero 1.000.000 kilo zabor sortzen dugula, hau da, hilean 30.000.000 kilo eta urtean 365.000.000 kilo zabor dagoela eta hau arazo handi bat da.

Baina dena ez da ikastea izan, denbora libre nahikoa izan dugu eta asko jolastu gara eta lagun berriak egin ditugu, gurekin beste hiru eskolatako ikasleak izan baitira: Basauriko Lope de Vegakoak, Etxebarriko San Antoniokokoak eta Muskizeko Muskiz eskolakoak.
Hango gure irakasleak Bermeokoak ziren.

Sukarrietako egoitzan sorgin bat zegoen: Mari Suka. Arratsalde batean bokatak ostu zizkigun eta gau batez aurpegia margotu zigun.

Ederto pasatu dugu!

4. mailako neska-mutikoak

2009/02/25

Metroa eta EITBra bisita



Atzo, otsailak 24, seigarren mailako ikasleok metro eta EITBra joan ginen. Goizeko 8:23etan hartu genuen trena. Lehenengoz metroaren egoitzara joan ginen, han metroari buruzko bideo bat ikusi genuen: historian nolakoa izan den, noiz sortu zen... Ondoren metroak kontrolatzen diren tokira joan ginen, han metroaren ibilbide osoa ikusi ahal izan genuen kamaren bidez eta baita nola lan egiten zuten ikusi genuen ere. Geroxeago, bidai bat egin genuen metroan eta taldeka kabinara sartu ginen. Bertan zelan gidatzen den ikasi genuen. San Mameseko geltokian jeitsi ginen eta EITBra joan ginen.

Lehengoz, EITBko egoitza ezberdinak erakutsi zizkiguten: nolakoak ziren, zer zegoen bakoitzean, zer egiten zuten... Ondoren, Euskadi Irratiko estudioetan izan ginen. Han ordu erdi inguru izan ginen programa bat zelan egiten zuten ikusten. Azkenik, komunikabideei buruzko jolas bat egin genuen.

Goiz osoko txango interesgarria amaituta, 14:20etan trena hartu genuen Ugaora itzultzeko.


Seigarren mailako neska-mutikoak.

2009/02/23

Inauteriak

Bariku arratsaldean ospatu genituen inauteriak. Dakizuenez, aurtengo gaia urtaroak izan da eta, beraz, horrela joan dira ikasleak mozorraturik.
- Txikienak, hau da, Haur Hezkuntzakoak, udaberriz: loreak, lorezainak, tximeletak, marigorringoak...
- Lehen ziklokoen mozorroa udazkena izan da: hostoak, onddoak, mahatsak, haizea, hodeiak...
- Bigarren ziklokoei negua egokitu zaie: pinguinoak eta eskimalak (iglua eta guzti)
- Nagusienak, hirugarren ziklokoak hain zuzen, udaz mozorraturik joan dira: antigoaleko bañisten gisa ibili dira pilota, kubotxo, flotagailua eta tramankulu guztiak zeramatzatela.


Hirurak jota, kalejira ederra hasi zen Leitokin; hortik abiatuta eta herri osoa zeharkatu ondoren, plazara heldu eta ikuskizunerako prestatu ziren. Ederto ibili ziren ume gutziak; zer esanik ez, euren maisu eta andereñoak. Dena kolore, dena erritmo, dena poztasun...
Han inguruan, ehunka guraso eta herritar jaialdiari adi, argazki eta bideokamarei kea zerielarik.
Prestatutako dantzak bukaturik, dantzaldia eta txokolatea.
geroxeago, Guraso Elkarteak antolaturik, disko festa Dj Molinarekin. Gauean berbena Veracruz hirukotearekin.
Arratsalde polita, gogoangarria izan zen barikukoa.

Ezin amaitu kronika hau Guraso Elkarteko aita eta amen inplikazio eta lana aipatu barik: a zer nolako eszenatoki ederra apaindu zuten; txokolateaz gain, oparitxoak txikienentzat; dantzan gelditu barik... Urtebe luze egingo da berriro inauteriak heldu arte.
(Argazki gehiago ondoko zutabean. Argazkilaria: Goio Ramos)

Inauteri jauna eta Aratuste andrea.

2009/02/17

Kantazak euskalduna, kantazak hire herria...


Gaur laugarren, bosgarren eta seigaren mailetako ikasleek saio berezi bat izan dute arratsaldean. Arkaitz Estiballesek, bertsolaritza irakasleak, lagun berezi bat ekarri du, Aitor Rubio kitarrajotzailea (besteak beste, Gu ta Gutarrak taldekidea).
Beragaz batera, eta bertsolaritza programa barruan, euskal doinu zahar eta berriak izan dituzte kantatzeko bide. Txoria txori, Aita semeak, Ilargia, Triste bizi naiz eta, Maritxu, Lau teilatu, Aitormena... pila bat kantu egin dituzte ikasleek. Giro ederra egon da, ikasleak izugarri animatu dira, lotsa barik hartu dute mikrofonoa, txaloak eta besoak gora....
Arratsalde gogoangarria izan da.
Musikaria eta bertsoalaria ere oso gustura egon dira, ikasleen parte hartze eta jarrera goraipatu dutelarik.

2009/02/13

Ugaoko hondakinak aztertzen


Denok dakizuenez, gure ingurumena zaintzeko konpromisoa dugu ikastetxean eta, horregatik, Eskola Agenda 21 egitasmoa aurrera daramagu.

Udala bere aldetik ere Tokiko Agenda 21 egitasmoa burutzen ari da. Proeikto hau dela medio, teknikari baten laguntzaz eskolako hainbat ikasle herrian dauden hondakinak azterten ibili dira egunotan: zabor ezberdinak, autoen kutsadura, ontzien bolumena... dena kontsumo iraunkorra izeneko atal barruan. hondakinen azterketa hau urtero egingo da eta lehen, hirugarren eta bosgarren mailetako ikasleek burutuko dute. Aurten seigarren mailetako neska mutikoek ere hartu dute parte era berezian, bestela ekintza interesgarri honetan ez zuten esku hartzerik eskola honetan.

Baina lana ez da hemen amaitu, ez horixe. Ekintza burutu bitartean herrian zehar egindako ibilbidean topatutako hutsuneak eta eskolan bertan teknikariarekin izandako hitzaldietan betetako fitxak oinarri hartuta, udaletxeari aurkeztu egingo zaio txosten bat hainbat hobekuntza proposatuz.

Gure ingurumena zaintzea denon esku dago.

Eskolako Agenda 21eko arduraduna

2009/02/06

Doremika ikuskizuna Basauriko Social Antzokian



Ugaoko kaleetan zehar Santa Agedari buruzko koplak eta makilen hotsak isildu eta hurrengo egunean, otsailaren 5ean, Ugaoko Eskolako 3. mailako ikasleak Basauriko Sozial Antzokira hurbildu ginen musika entzunaldiaz gozatzera. Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren DOREMIKA ikuskizuna ikustera joan ginen. Kontzertua hasi baino lehen, aurkezleak akordeoiaren ezaugarriak eta jatorria azaltzen aritu ziren. Kontzertuan, Mozart, Loroño, Strauss… eta abarrekoen obren bitartez musikako ezaugarri desberdinak argitu zizkiguten eta pelikula ezagun batzuen musika eta himnoak entzun ahal izan genituen. Guri, gehien gustatu zitzaiguna Athletik-en himnoa jo zutenean izan zen; gure aldetik, txaloak joz eta abestuz parte hartu genuen, eta bai ondo pasatu genuela!

Hirugarren mailako neska-mutilak

2009/02/04

Aintzaldu daigun Agate Deuna...



Aintzaldu daigun Agate Deuna, bihar dala Deun Agate.... dio herri doinuak. Eta halaxe da. Bihar Agate Deuna izango da eta, horregatik, gaur, bezperan, eskolako umeak Santuari eskean irten gara kantuan herriko kaleetatik.
Goizeko bederatzietan entsegu nagusia egin dugu ikasle guztiok eskolako patioan eta hortik plazarantz jo dugu, bertan lehen aldiz kantatzeko. Ondoren taldeka jarraitu dugu.

Haur Hezkuntzakoak oinezkoen alderditik ibili dira fin baino finago makilen erritmoari jarraiki. Horren lekuko eurekin ibilbidea burutu duten dozenaka guraso, argazki- eta bideo kamarak eskuan.
Lehen mailatik laugarren mailara arteko ikasleek herria zeharkatu dute alderik alde, hau da Usilatik Jaroraino, eta handik, San Bartolometik, berriro plazara. Pozarren ibili dira hauek ere abesten. Geroxeago, eskolako patioan, jolasak izan dituzte.
Eskolako nagusiek euren kronika utzi digute:
"Kaixo, gu hirugarren zikloko ikasleak gara. Gaur goizean Agate deuna ospatzeko batu gara eta hori egiteko lehenengo ekitaldia eskolako patioan egin dogu, horren ostean eskolako ikasle gehienak herriko plazan elkartu gara eta hor ere abestu dogu. Horren ondoren, eskolako nagusienak garenez herriko auzunetara abiatu gara. Auzunetatik herrira etorri gara eta oso eguraldi polita egon denez herritik jarraitu dugu abesten. Ondo abestu dugunez herritarrek ere oso ondo portatu dira, nahiz eta dirua eskatu ez, propinatxo bat eman digute eta diru horrekin merendola eder bat egin dogu. OSO ONDO IGARO DUGU EGUNA. Datorren urterako proposamen bat daukagu, auzo gehiagoetatik ibiltzea".

Goiz ederra izan da, eguraldia ere lagun, eta denek, poz-pozik, ohitura zaharrari eutsi diote ...etxe honetan zorion hutsa, betiko euko al dabe!!!

Agate Deunako kantariak

Donostiako Zientziaren Kutxagunera bisita



Kaixo, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak gara eta orain doakizue otsailaren 3an egindako bidaiaren kronika:

Atzo Donostiako Kutxagunera joan ginen, 9ak inguru autobusa hartu eta 10ak aldera Donostira heldu ginen. Han egonda, sarreran Euskal Herriko eraikuntza batzuen maketa polit-politak ikusi genituen.
Jarraian bi taldetan banatuta tailerretara abiatu ginen, batzuk fisika eta kimikako tailer bat egin genuen eta besteek matematikakoa, gero trukatu egin ginen. Horren ondoren museoa ikusi genuen. Museoan gauza arraro eta politak zeuden.
Hau guztia burutu ondoren ogitartekoak jatera joan ginen.
Bazkaldu eta gero, berriz museora sartu ginen, baina gu bakarrik, hau da, denbora libre museotik ibiltzeko.

OSO ONDO PASA GENUEN !!!


Hirugarren zikloko neska-mutilak

2009/01/29

Ugao Eskolako irratia martxan

Kaixo, lagunok!

Berandu bada ere, azkenean gure irratiaren proiektoa martxan dago. Dakizuenez, euskararen erabilera bultzatzeko lanean ari gara ikasle eta irakasleak eta bide horretan sortu dugu Ugao Eskolako Irratia.

Proiekto honetan, astero-astero, eskolako talde batek saio berri bat grabatuko du. Grabaketak eguazten arratsaldez egiten ditugu eskolan bertan eta bariku goizean gelan entzuten dugu saioa. Hainbat talde izango dira gure "emisoratik" pasatuko direnak, 6. mailatik 5 urtekoen gelaraino. Oraindik ez dugu zuzenean emititzen, baina...

...halere, gure blogari esker, Eskolako lagun guztiok irratsaioa patxada ederrean etxean entzuteko aukera dugu. Horretarako eskumako aldean agertzen den irrati aparailuan saioa aukeratu eta ondo pasa!

(Momentuz lehen irratsaioa baino ez dago, baina, lasai, egin ahala gehituz ibliko gara-eta)
Irratsaioetako arduraduna

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!