2010/02/18

Inauteriak


Pasa den barikuan, otsailak 12, inauteriak ospatu genituen gure eskolan. Aurtengo gaia historia aroak zen: haur hezkuntzakoak egiptoarrez mozorratu ziren; lehen ziklokoak, erdi aroko zaldun eta printzesa; bigarrenekoak, kobazuloetako gizakiak; eta hirugarren ziklokoak, erromatar.
Ohi legez kalejira egin genuen herrian zehar, eguraldiak baldintzaturik, aste honetan edurra eta guzti izan dugulako Ugaon. Beraz, kalejira laburra egin genuen, eskolatik Jaro kiroldegiraino, han eskeini baigenituen prestatutako dantza eta koreografia ederrak.
Ikuskizuna amaitutakoan, txokolate beroa eta bizkotxoak eskeini zizkiguten Guraso Elkartekoek. Bertan hasi zen disko-festak jarraipena izan zuen geroxeago herriko plazan.
Egun ederra pasatu genuen -bestela begitu argazkiak eskumako zutabean-.

2010/02/05

Alkizako barnetegia

Kaixo lagunok!

Gu 5.D1 mailako neska-mutilak gara eta pasa den astean (urtarrilaren 25etik 29ra) Alkizako Barnetegian egon ginen.
Han oso ondo pasatu genuen eta ekintza asko egin genituen: pelikulak filmatu, jolasak egin, futbolin txapelketak antolatu, irteerak, diskoteka, ...
Lagun berriak ere egin genituen, adibidez, Kaxinta, Martxelino, Kurrin-kurrin, ...
Gure helburua lortu genuela uste dugu, hau da, euskeraz hitz egitea eta primeran pasatzea.
Eskumako zutabean argazki batzuk ikus ditzakezue.

5.1 taldeko neska-mutikoak

Agate deuna


Ohiturak agindu legez, atzo Agate Deunari eske eta kantuan irten ginen eskolako ikasle eta irakasleok. Eguraldi ezin hobea izan genuen bidelagun eta goizpasa ederra burutu genuen. Goizeko 9:00etan denok batera eskolako patioan abestu genuen. Ondoren, ziklo bakoitzak bere ibilibideari ekin zion.
Haur Hezkuntzakoak plazan eta oinezkoen aldetik ibili ziren 10etatik aurrera herritarrei goiza alaituz. Lehen eta Bigarren zikloko ikasleak batera ibili ziren: plazatik abiatuta ugaoko dorre osoa, jaro, san bartolome eta, atzera be, plazan kantatu zuten. Hirugarren ziklokoak, nagusiak izaki, inguruko auzuneetatik ibili ziren: beretxa, poligonoak, iturrigorrialde... txistuaren doinuaz kantari eta dantzari. Unerik hunkigarrienetako bat zaharren egoitzan izan zen, agure eta atso guztiak atarira urten eta hunkiturik umeen kantua aditu zutenean.
Hurrengo urtean berriro irtengo gara ohitura ez galtzeko asmoz.



Agate Deuna eguneko argazki bidezko bideoa

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!