2008/11/14

Gurasook be euskararen alde

Barikuan gure eskolako ikasleok euskararekiko gure konpromisoa sinatu genuen era ikusgari batez: hormirudi batzuetan gure esku aztarnak utziz. Ekintza sinboliko honen bidez gelatik kanpo ere euskaraz arituko garela adierazi nahi izan dugu ikasle guztiok.

Gurasoek ere konpromisoa adierazi nahi izan zuten era berean horretarako eskolaren sarreran jarritako hormidurian.
Euria ari zuen barra-barra, baina gurasoak ez ziren kokildu eta, eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz, ez zuten kale egin eta euskararekiko euren konpromisoa agertu zuten.

Mila esker guztioi.

Astotxo gure eskolan


Gaur bigarrengoz agertu da Astotxo gure eskolan. Bost urtekoen gelara joan da eta egunero euskaraz hitz egiten dutela esan diotenez, izaugarri poztu da. Sari bat merezi dutela pentsatu du eta, horregatik, 2. mailakoak prestatzen ari diren antzezlana hurrengo astean ikustera gonbidatu ditu.

Gero, patiora urten da eta Haur Hezkuntzako ikasle guztiekin egon da: txiki batzuk negarrez, nagusiagaok poz-pozik, ausartienek musu eta laztan... Ipuin bat kontatu die eta umeek euskaraz egiteko duten konpromisoa adierazi diote euren esku aztarnak puzzle erraldoi batean kokatuz.

Euskaraz jolasten ikas dezagun! abestuz agur esan diote txikiek Astotxori. Erabat emozionaturik, aurrerago etorriko dela agindu die -opariekin, gainera!-

Haur Hezkuntzako ikasleok

2008/11/11

Eskola Agenda 21 martxan


Kaixo lagunok. Gure eskolan Agenda 21 proiektuari hasiera eman diogu. Dakizuenez, Agenda 21eko helburua ingurugiroa zaintzea da, horretarako gu guztion lana ezinbestekoa delarik.

Hori dela eta, ikasle guztiekin hainbat ekintza burutu ditugu eskolan, esate baterako: ordezkariak izendatu, bilerak egin, berziklontziak kokatu eta gure maskota.
Bilerak gelaz gela egin dira eta bakoitzean “EKO ORDEZKARI“ bat izendatu da. Gela guztietako ordezkariekin hiru bilera egin dira Agenda 21eko proiektua aurrera eramateko -ikusi goiko argazkia-. Eta dagoeneko lanean hasi gara: besteak beste, orriak berrerabiltzeko kutxak prestatu ditugu, geletan paper asko erabiltzen dugulako; alde bietatik erabilitakoak berziklatzera botatzeko beste batzuk; baita ere, jantokian hondakin organikoak eta plastikoak bereizteko zakarrontziak antolatu ditugu eta hainbat hormirudi politez hormak apaindu.

Azkenik, ume guztien marrazkiekin lehiaketa bat antolatu dugu gure maskota aukeratzeko. Marrazki irabazlea hemen behean duzue, gure txakurtxoa -oraindik ez diogu izenik ipini-.

Eskola Agenda 21eko ordezkariak

2008/11/07

Txipli, Txapla, Pun!!!

Atzo Olga, Ainhoa eta Rosaren geletakoek gaztainak erre genituen danbolin batean eta 3 eta 4 urtekoak konbidatu genituen.
Oso bero eta gozo zeuden.
Oso ondo pasatu genuen.
Amaieran 6. mailakoak etorri ziren eskabadora ekartzera.
(Baina hobeto haiek idatzitakoa irakurtzen baduzue beherago)


5 urteko neska-mutikoak

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!