2009/02/23

Inauteriak

Bariku arratsaldean ospatu genituen inauteriak. Dakizuenez, aurtengo gaia urtaroak izan da eta, beraz, horrela joan dira ikasleak mozorraturik.
- Txikienak, hau da, Haur Hezkuntzakoak, udaberriz: loreak, lorezainak, tximeletak, marigorringoak...
- Lehen ziklokoen mozorroa udazkena izan da: hostoak, onddoak, mahatsak, haizea, hodeiak...
- Bigarren ziklokoei negua egokitu zaie: pinguinoak eta eskimalak (iglua eta guzti)
- Nagusienak, hirugarren ziklokoak hain zuzen, udaz mozorraturik joan dira: antigoaleko bañisten gisa ibili dira pilota, kubotxo, flotagailua eta tramankulu guztiak zeramatzatela.


Hirurak jota, kalejira ederra hasi zen Leitokin; hortik abiatuta eta herri osoa zeharkatu ondoren, plazara heldu eta ikuskizunerako prestatu ziren. Ederto ibili ziren ume gutziak; zer esanik ez, euren maisu eta andereñoak. Dena kolore, dena erritmo, dena poztasun...
Han inguruan, ehunka guraso eta herritar jaialdiari adi, argazki eta bideokamarei kea zerielarik.
Prestatutako dantzak bukaturik, dantzaldia eta txokolatea.
geroxeago, Guraso Elkarteak antolaturik, disko festa Dj Molinarekin. Gauean berbena Veracruz hirukotearekin.
Arratsalde polita, gogoangarria izan zen barikukoa.

Ezin amaitu kronika hau Guraso Elkarteko aita eta amen inplikazio eta lana aipatu barik: a zer nolako eszenatoki ederra apaindu zuten; txokolateaz gain, oparitxoak txikienentzat; dantzan gelditu barik... Urtebe luze egingo da berriro inauteriak heldu arte.
(Argazki gehiago ondoko zutabean. Argazkilaria: Goio Ramos)

Inauteri jauna eta Aratuste andrea.

2009/02/17

Kantazak euskalduna, kantazak hire herria...


Gaur laugarren, bosgarren eta seigaren mailetako ikasleek saio berezi bat izan dute arratsaldean. Arkaitz Estiballesek, bertsolaritza irakasleak, lagun berezi bat ekarri du, Aitor Rubio kitarrajotzailea (besteak beste, Gu ta Gutarrak taldekidea).
Beragaz batera, eta bertsolaritza programa barruan, euskal doinu zahar eta berriak izan dituzte kantatzeko bide. Txoria txori, Aita semeak, Ilargia, Triste bizi naiz eta, Maritxu, Lau teilatu, Aitormena... pila bat kantu egin dituzte ikasleek. Giro ederra egon da, ikasleak izugarri animatu dira, lotsa barik hartu dute mikrofonoa, txaloak eta besoak gora....
Arratsalde gogoangarria izan da.
Musikaria eta bertsoalaria ere oso gustura egon dira, ikasleen parte hartze eta jarrera goraipatu dutelarik.

2009/02/13

Ugaoko hondakinak aztertzen


Denok dakizuenez, gure ingurumena zaintzeko konpromisoa dugu ikastetxean eta, horregatik, Eskola Agenda 21 egitasmoa aurrera daramagu.

Udala bere aldetik ere Tokiko Agenda 21 egitasmoa burutzen ari da. Proeikto hau dela medio, teknikari baten laguntzaz eskolako hainbat ikasle herrian dauden hondakinak azterten ibili dira egunotan: zabor ezberdinak, autoen kutsadura, ontzien bolumena... dena kontsumo iraunkorra izeneko atal barruan. hondakinen azterketa hau urtero egingo da eta lehen, hirugarren eta bosgarren mailetako ikasleek burutuko dute. Aurten seigarren mailetako neska mutikoek ere hartu dute parte era berezian, bestela ekintza interesgarri honetan ez zuten esku hartzerik eskola honetan.

Baina lana ez da hemen amaitu, ez horixe. Ekintza burutu bitartean herrian zehar egindako ibilbidean topatutako hutsuneak eta eskolan bertan teknikariarekin izandako hitzaldietan betetako fitxak oinarri hartuta, udaletxeari aurkeztu egingo zaio txosten bat hainbat hobekuntza proposatuz.

Gure ingurumena zaintzea denon esku dago.

Eskolako Agenda 21eko arduraduna

2009/02/06

Doremika ikuskizuna Basauriko Social Antzokian



Ugaoko kaleetan zehar Santa Agedari buruzko koplak eta makilen hotsak isildu eta hurrengo egunean, otsailaren 5ean, Ugaoko Eskolako 3. mailako ikasleak Basauriko Sozial Antzokira hurbildu ginen musika entzunaldiaz gozatzera. Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren DOREMIKA ikuskizuna ikustera joan ginen. Kontzertua hasi baino lehen, aurkezleak akordeoiaren ezaugarriak eta jatorria azaltzen aritu ziren. Kontzertuan, Mozart, Loroño, Strauss… eta abarrekoen obren bitartez musikako ezaugarri desberdinak argitu zizkiguten eta pelikula ezagun batzuen musika eta himnoak entzun ahal izan genituen. Guri, gehien gustatu zitzaiguna Athletik-en himnoa jo zutenean izan zen; gure aldetik, txaloak joz eta abestuz parte hartu genuen, eta bai ondo pasatu genuela!

Hirugarren mailako neska-mutilak

2009/02/04

Aintzaldu daigun Agate Deuna...



Aintzaldu daigun Agate Deuna, bihar dala Deun Agate.... dio herri doinuak. Eta halaxe da. Bihar Agate Deuna izango da eta, horregatik, gaur, bezperan, eskolako umeak Santuari eskean irten gara kantuan herriko kaleetatik.
Goizeko bederatzietan entsegu nagusia egin dugu ikasle guztiok eskolako patioan eta hortik plazarantz jo dugu, bertan lehen aldiz kantatzeko. Ondoren taldeka jarraitu dugu.

Haur Hezkuntzakoak oinezkoen alderditik ibili dira fin baino finago makilen erritmoari jarraiki. Horren lekuko eurekin ibilbidea burutu duten dozenaka guraso, argazki- eta bideo kamarak eskuan.
Lehen mailatik laugarren mailara arteko ikasleek herria zeharkatu dute alderik alde, hau da Usilatik Jaroraino, eta handik, San Bartolometik, berriro plazara. Pozarren ibili dira hauek ere abesten. Geroxeago, eskolako patioan, jolasak izan dituzte.
Eskolako nagusiek euren kronika utzi digute:
"Kaixo, gu hirugarren zikloko ikasleak gara. Gaur goizean Agate deuna ospatzeko batu gara eta hori egiteko lehenengo ekitaldia eskolako patioan egin dogu, horren ostean eskolako ikasle gehienak herriko plazan elkartu gara eta hor ere abestu dogu. Horren ondoren, eskolako nagusienak garenez herriko auzunetara abiatu gara. Auzunetatik herrira etorri gara eta oso eguraldi polita egon denez herritik jarraitu dugu abesten. Ondo abestu dugunez herritarrek ere oso ondo portatu dira, nahiz eta dirua eskatu ez, propinatxo bat eman digute eta diru horrekin merendola eder bat egin dogu. OSO ONDO IGARO DUGU EGUNA. Datorren urterako proposamen bat daukagu, auzo gehiagoetatik ibiltzea".

Goiz ederra izan da, eguraldia ere lagun, eta denek, poz-pozik, ohitura zaharrari eutsi diote ...etxe honetan zorion hutsa, betiko euko al dabe!!!

Agate Deunako kantariak

Donostiako Zientziaren Kutxagunera bisita



Kaixo, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak gara eta orain doakizue otsailaren 3an egindako bidaiaren kronika:

Atzo Donostiako Kutxagunera joan ginen, 9ak inguru autobusa hartu eta 10ak aldera Donostira heldu ginen. Han egonda, sarreran Euskal Herriko eraikuntza batzuen maketa polit-politak ikusi genituen.
Jarraian bi taldetan banatuta tailerretara abiatu ginen, batzuk fisika eta kimikako tailer bat egin genuen eta besteek matematikakoa, gero trukatu egin ginen. Horren ondoren museoa ikusi genuen. Museoan gauza arraro eta politak zeuden.
Hau guztia burutu ondoren ogitartekoak jatera joan ginen.
Bazkaldu eta gero, berriz museora sartu ginen, baina gu bakarrik, hau da, denbora libre museotik ibiltzeko.

OSO ONDO PASA GENUEN !!!


Hirugarren zikloko neska-mutilak

2009/01/29

Ugao Eskolako irratia martxan

Kaixo, lagunok!

Berandu bada ere, azkenean gure irratiaren proiektoa martxan dago. Dakizuenez, euskararen erabilera bultzatzeko lanean ari gara ikasle eta irakasleak eta bide horretan sortu dugu Ugao Eskolako Irratia.

Proiekto honetan, astero-astero, eskolako talde batek saio berri bat grabatuko du. Grabaketak eguazten arratsaldez egiten ditugu eskolan bertan eta bariku goizean gelan entzuten dugu saioa. Hainbat talde izango dira gure "emisoratik" pasatuko direnak, 6. mailatik 5 urtekoen gelaraino. Oraindik ez dugu zuzenean emititzen, baina...

...halere, gure blogari esker, Eskolako lagun guztiok irratsaioa patxada ederrean etxean entzuteko aukera dugu. Horretarako eskumako aldean agertzen den irrati aparailuan saioa aukeratu eta ondo pasa!

(Momentuz lehen irratsaioa baino ez dago, baina, lasai, egin ahala gehituz ibliko gara-eta)
Irratsaioetako arduraduna

2008/12/30

Horra, horra, gure Olentzero


Eskolaren azkenengo egunean, abenduaren 19an, Olentzeroren bisita izan genuen. Goizeko hamarrak aldera eskolako patiora heldu zen bere lagun Astotxo ondoan zuela. Eurekin batera trikitrilari eta txistulariak etorri ziren ere. Patioan, jadanik, Haur Hezkuntzako ume guztiak zain zeuden, irrikitan, Olentzero noiz etorriko zain.

Ikazkina agertu bezain pronto kantuan hasi ziren neska mutikoak. Kantuak eta bertsoak eskeini ostean, kanpoan hotz egiten zuenez, barrura sartu ziren eta geletan Olentzerok opariak banatu zizkien. Haurrak pozaren pozez zebiltzan.

Geroxeago, hamaikak aldera, Lehen Hezkuntzako ikasleak -1. mailatik 6.era- patiora irten ziren eta izugarrizko festa antolatu zuten: bertsoak, kantuak, dantzak... Amaitzeko irakasleek trikitrikariek lagunduta Hator, hator abestu zuten.

Eta horrela joan zitzaigun urte honetako azkenengo eguna. Baina, lasai, urtarrilaren zazpian atzera be elkartuko gara denok eskolan ikasten jarraitzeko.

Musu handi bat eta ondo pasa.

2008/12/15

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Finala


Hurrengo zapatuan, abenduak 20, BOTA Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da Barakaldoko BEC erakustazokan, bertan Unai Iturriaga, Igor Elortza, Xabi Paya, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta.... Arkaitz Estiballes arituko direlarik.

Denok dakizuenez, lehengo urtean hasi ginen Ugao Eskolako seigarren mailetan bertsolaritza lantzen Bertsozale Elkartearen eskutik eta Arkaitz dugu irakasle. Tipo jator eta majua da, irakasle ona. Ah, eta bertsolari aparta.

Zaila duen arren -gainerako bertsolariak oso onak direlako ere-, hemendik gure animorik handienak eman nahi dizkiogu eta denok ozen esan: AUPA ARKAITZ, txapela hirea dok!!!


Seigarren mailako neska-mutikoak

2008/12/12

Zein ondo pasatu dugun Lurraskan


Kaixo lagunok:
Bigarren mailako ikasleok Lurraskara joan gara eta bertan hiru egun eman ditugu. Gurekin Asier, Mª Carmen, Ibai eta Jasone egon dira. Eguraldi txarra egin duen arren oso ondo pasatu dugu eta guztioi joatea gomendatzen dizuegu. Azken egunean ateratako argazki polit honetan ikus daiteke, bertan hiru egunez ondo pasatu eta gero, geratu zaigun alaitasuna eta gorpuzkera. Beno, gorpuzkera nekearen ondorioa ere izan daiteke baina poztasunak dena konpontzen du.

Bigarren mailako neska-mutikoak.

2008/12/01

Urduñako barnetegian izan gara


Kaixo, lagunok:

Gu seigarren mailako ikasleak gara, pasadan astean, azaroaren 24tik 26ra, Urduñako barnetegian egon gara. Lehenengo egunean 10:30ak aldera hara heldu ginen, heldu bezain laster gimnasioan elkartu gintuzten eta arau guztien azalpenak entzun genituen. Zortzinako logeletan jarri ginen, bakoitzak bere ohea aukeratu zuen.

Urduñako barnetegian, Historiako antzinako aroak aztertu genituen ekintzen bidez. Lehenegoz joko erraldoira jolastu genuen aro guztiak ezagutzeko. Jan eta gero, denboraren makinatik igaro eta Erdi Arora heldu ginen. Aro horretako pertsonaia bat ezagutu genuen eta bereien bizimodua eskulanen eta jokoen bidez aztertu genuen. Adibidez: arku tiroketa, dardoak, dorretxe bat egin... Eskulanetan gure hiribildua sortu genuen.
Afaldu ondoren diskotekan dantzatu genuen, geroxeago lo egitera joan ginen nahiz eta batzuk ezin loak hartu.
Hurrengo goizean, gosaldu eta gero, berriz denboraren makintik igaro eta Antzinarora joan ginen. Antzinaroan eskulan bat egin genuen, jainkoei forma eman, eta baita ere artzain baten bizimodua ikusi genuen. Jan eta gero, berriz ere, makinatik pasa eta Historiaurrera joan ginen eta margoak prestatu genituen gure kobazuloan margotu ahal izateko. Askaldu eta denbora libre izan ondoren hiru taldetan banatu ginen antzerki bat prestatzeko. Antzezteko, mozorrotu eta margoztu ginen. Afaldu eta gero, antzerkiak egin aurretik, Harri ikusi genuen eta bukatu ondoren pijama jantzi eta desfilea egin genuen. Lotara joan ginen eta hurrengo goizean, aurpegia margoztuta eta orri bat idatzita aurkitu genuen, Harrik utzitakoa.
Gosaldu ondoren, denboraren makinetik pasatzeko asmoa genuen baina apurtuta zegoen, eta konpontzeko galdera batzuk egin zizkiguten. Ondo erantzun genuenez konpondu egin zen. Horren ondoren bazkaltzera joan ginen eta laurak inguru Ugaon geunden.
Merezi izan du!

Seigarren mailako neska mutikoak

2008/11/14

Gurasook be euskararen alde

Barikuan gure eskolako ikasleok euskararekiko gure konpromisoa sinatu genuen era ikusgari batez: hormirudi batzuetan gure esku aztarnak utziz. Ekintza sinboliko honen bidez gelatik kanpo ere euskaraz arituko garela adierazi nahi izan dugu ikasle guztiok.

Gurasoek ere konpromisoa adierazi nahi izan zuten era berean horretarako eskolaren sarreran jarritako hormidurian.
Euria ari zuen barra-barra, baina gurasoak ez ziren kokildu eta, eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz, ez zuten kale egin eta euskararekiko euren konpromisoa agertu zuten.

Mila esker guztioi.

Astotxo gure eskolan


Gaur bigarrengoz agertu da Astotxo gure eskolan. Bost urtekoen gelara joan da eta egunero euskaraz hitz egiten dutela esan diotenez, izaugarri poztu da. Sari bat merezi dutela pentsatu du eta, horregatik, 2. mailakoak prestatzen ari diren antzezlana hurrengo astean ikustera gonbidatu ditu.

Gero, patiora urten da eta Haur Hezkuntzako ikasle guztiekin egon da: txiki batzuk negarrez, nagusiagaok poz-pozik, ausartienek musu eta laztan... Ipuin bat kontatu die eta umeek euskaraz egiteko duten konpromisoa adierazi diote euren esku aztarnak puzzle erraldoi batean kokatuz.

Euskaraz jolasten ikas dezagun! abestuz agur esan diote txikiek Astotxori. Erabat emozionaturik, aurrerago etorriko dela agindu die -opariekin, gainera!-

Haur Hezkuntzako ikasleok

2008/11/11

Eskola Agenda 21 martxan


Kaixo lagunok. Gure eskolan Agenda 21 proiektuari hasiera eman diogu. Dakizuenez, Agenda 21eko helburua ingurugiroa zaintzea da, horretarako gu guztion lana ezinbestekoa delarik.

Hori dela eta, ikasle guztiekin hainbat ekintza burutu ditugu eskolan, esate baterako: ordezkariak izendatu, bilerak egin, berziklontziak kokatu eta gure maskota.
Bilerak gelaz gela egin dira eta bakoitzean “EKO ORDEZKARI“ bat izendatu da. Gela guztietako ordezkariekin hiru bilera egin dira Agenda 21eko proiektua aurrera eramateko -ikusi goiko argazkia-. Eta dagoeneko lanean hasi gara: besteak beste, orriak berrerabiltzeko kutxak prestatu ditugu, geletan paper asko erabiltzen dugulako; alde bietatik erabilitakoak berziklatzera botatzeko beste batzuk; baita ere, jantokian hondakin organikoak eta plastikoak bereizteko zakarrontziak antolatu ditugu eta hainbat hormirudi politez hormak apaindu.

Azkenik, ume guztien marrazkiekin lehiaketa bat antolatu dugu gure maskota aukeratzeko. Marrazki irabazlea hemen behean duzue, gure txakurtxoa -oraindik ez diogu izenik ipini-.

Eskola Agenda 21eko ordezkariak

2008/11/07

Txipli, Txapla, Pun!!!

Atzo Olga, Ainhoa eta Rosaren geletakoek gaztainak erre genituen danbolin batean eta 3 eta 4 urtekoak konbidatu genituen.
Oso bero eta gozo zeuden.
Oso ondo pasatu genuen.
Amaieran 6. mailakoak etorri ziren eskabadora ekartzera.
(Baina hobeto haiek idatzitakoa irakurtzen baduzue beherago)


5 urteko neska-mutikoak

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!