2010/03/23

Antzerki eguna


Gaur, martitzenean, urtero egiten den legez, antzerkiaren eguna izan da. Bosgarren mailako ikasle finek antzezlan ezin barregarriago bi prestatu eta eskeini digute. Lan eskerga gero! Izan ere, alde batetik, egun osoan zehar ikastetxeko ikasle guztiak pasatu dira, hau da, 3 funtzio egin dituzte eta bertara 300 ikasle inguru hurbildu dira. Geroxeago, arratsaldeko 5:00etan, herritar guztiei zabalik eskeini dute... eguneko laugarren funtzioa!!!
Halere, egindako ahalegina merezi izan duelakoan gaude, batez ere ikasle, guraso eta herritarren txalo zaparrada entzunda.
Hurrengo urtean antzezlan berriak iusiko ditugu.
Aurtengoak ezin izan badituzue ikusi, hementxe dauzkazue irudi batzuk. Ondo pasa.



Bosgarren mailako neska-mutikoak

2010/03/22

Graffiti eguna eta Astotxoren bisita


Astelehenean aurreikusi bezala, ikasleak hormirudiak egiten ibili dira egunean zehar, mota guztietakoak baina helburu bakarrarekin, euskararen aldeko gure konpromisoa adieraztea. Hormirudi hauek eskolaren sarreran eta herrian jarriko ditugu denok ikusteko.
Bestetik, 3. zikloko ikasleek mitologia eta literatura tailerrak izan dituzte, Udal Liburutegiak antolatuta.
Hau guztia prestatuta genuen, baina, horra hor ezustea, txikienen arratsaldeko jolasaldian nor eta Astotxo agertu denean. Umeekin jolastu, euren kantak entzun eta euskaraz egiteko eskatu die. Hurrengo arte, Astotxo, gure lagun.
Horrela amaitu da gaurko eguna. Bihar berriz, antzerki lan mundialak 5. mailakoen eskutik.


Eskolako umeak

Sukarrietako barnetegia


Kaixo lagunok:
Dakizuenez laugarren mailako ikasleak, aurreko astean, Sukarrietan egon gara eta oso ondo pasa dugu. Orain kontatuko dizuegu zer egin dugun ondo pasatzeko. Hara heldu ginenean lehenengoko gauza gure logela non zegoen kokatuta ikusi genuen, gero ikastetxe ezberdinetako ikasleok, ludotekan, aurkezpena egin genuen eta bukatu ondoren jantokira. Bazkaldu eta gero, denbora libre hirurak arte. Hiruretan proiktuetara abiatu ginen (gurea ura zen). Arratsaldeko bostetan proiektuak bukatzen ziren eta azkaltzera. Azkaldu eta gero bakoitza bere tailerrera joaten zen (keramika, astronomia, sukaldaritza, ehungintza...). Gabeko zortzietan afaltzera eta gero, hamarrak arte, jolastera. Hamarretan logelara eta lo egitera. Egun guztietan irteeraren bat egin genuen, zaldiz ibili ginen eta asteazken gauean diskoteka izan genuen, hamaikak arte. Diskoteka eta gero logelara, Sukarrietako sorgina etorriko zela pentsatzen. Ah, ez dakizue? Sukarrietako barnetegian sorgin bat dago: Mari Suka.
Ostegun arratsaldean, neka-neka eginda Ugaora iritsi ginen. Eskerrak jaizubi luzea egon den atseden ahartzeko eta Kultur Astea behar bezala hasteko!
Eta eskerrik asko gurekin izan diren andereñoei: Itziar, Rakel eta Idurre.
OSO ONDO PASADUGU!!!
Argazki batzuk ikusi ahal dituzue eskumako zutabean.
4. mailako neska-mutikoak

2010/03/18

Badator KULTUR ASTEA 2010


Urtero legez, udaberriko oporraldiaren aurretik Kultur astea ospatuko dugu eskolan, herrian ospatzen den Euskal Astearekin batera.
Hauexek dira eskolan hurrengo astean burutuko ditugun ekintzak.
- martxoak 22, astelehena, Graffiti eguna: Goiz osoan zehar, ikasleek hormirudiak margotuko dituzte. Arratsaldean herrian jarriko ditugu.Goizez, euskal mitologia eta literatur tailerrak 3. ziklokoikasleentzat udal liburutegiaren eskutik.
- martxoak 23, martitzena, Antzerki eguna: egunean zehar antzerki lan bi ikasle guztientzat 5. mailako ikasleen eskutik, Jane Jauregian. Arratsaldeko 5etan, herritar guztientzat Janen.
- martxoak 24, eguaztena, Kanta eta bertso eguna: kantaldia eta bertso saio didaktikoa ikasle guztientzat 4. eta 6. mailetako ikasleen eskutik, Jane Jauregian.Arratsaldeko 5etan, herriko plazan, herritar guztientzat
- martxoak 25, eguena, Kirol eguna: kirol ibilbidea patioan, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, 6. mailako ikasleen eskutik. Ondoren, euskal dantzen erakustaldia ikasleen eskutik. - martxoak 26, barikua, Jolas eguna: goizean, Txotxongilo saioa 4 eta 5 urteko zein 1. eta 2. mailako ikasleentzat, Agenda 21en eskutik.
11etatik aurrera, patioan, Jolas Eguna Haur Hezkuntzako ikasleentzat.

Hurrengo astean, egunez egun, ekintzen berri emango dizuegu blog honetan. Era berean, argazki zein bideoak jarriko ditugu.

2010/03/12

Tipi-tapa, tipi-tapa, Rith


Orain bi egun hasi da gaelikoaren aldeko 'Rith' izeneko jaialdia Belfasten, Korrikaren antzeko ekimena; 1.600 kilometro egin ondoren helduko da Galwayra asteazkenean. Euskal Herrian ospatzen den Korrika jaialdiaren antzekoa da Rith izenekoa. Korrika esan nahi du rith hitzak gaelikoz.
Informazio gehiago nahi baduzue:


2010/02/18

Inauteriak


Pasa den barikuan, otsailak 12, inauteriak ospatu genituen gure eskolan. Aurtengo gaia historia aroak zen: haur hezkuntzakoak egiptoarrez mozorratu ziren; lehen ziklokoak, erdi aroko zaldun eta printzesa; bigarrenekoak, kobazuloetako gizakiak; eta hirugarren ziklokoak, erromatar.
Ohi legez kalejira egin genuen herrian zehar, eguraldiak baldintzaturik, aste honetan edurra eta guzti izan dugulako Ugaon. Beraz, kalejira laburra egin genuen, eskolatik Jaro kiroldegiraino, han eskeini baigenituen prestatutako dantza eta koreografia ederrak.
Ikuskizuna amaitutakoan, txokolate beroa eta bizkotxoak eskeini zizkiguten Guraso Elkartekoek. Bertan hasi zen disko-festak jarraipena izan zuen geroxeago herriko plazan.
Egun ederra pasatu genuen -bestela begitu argazkiak eskumako zutabean-.

2010/02/05

Alkizako barnetegia

Kaixo lagunok!

Gu 5.D1 mailako neska-mutilak gara eta pasa den astean (urtarrilaren 25etik 29ra) Alkizako Barnetegian egon ginen.
Han oso ondo pasatu genuen eta ekintza asko egin genituen: pelikulak filmatu, jolasak egin, futbolin txapelketak antolatu, irteerak, diskoteka, ...
Lagun berriak ere egin genituen, adibidez, Kaxinta, Martxelino, Kurrin-kurrin, ...
Gure helburua lortu genuela uste dugu, hau da, euskeraz hitz egitea eta primeran pasatzea.
Eskumako zutabean argazki batzuk ikus ditzakezue.

5.1 taldeko neska-mutikoak

Agate deuna


Ohiturak agindu legez, atzo Agate Deunari eske eta kantuan irten ginen eskolako ikasle eta irakasleok. Eguraldi ezin hobea izan genuen bidelagun eta goizpasa ederra burutu genuen. Goizeko 9:00etan denok batera eskolako patioan abestu genuen. Ondoren, ziklo bakoitzak bere ibilibideari ekin zion.
Haur Hezkuntzakoak plazan eta oinezkoen aldetik ibili ziren 10etatik aurrera herritarrei goiza alaituz. Lehen eta Bigarren zikloko ikasleak batera ibili ziren: plazatik abiatuta ugaoko dorre osoa, jaro, san bartolome eta, atzera be, plazan kantatu zuten. Hirugarren ziklokoak, nagusiak izaki, inguruko auzuneetatik ibili ziren: beretxa, poligonoak, iturrigorrialde... txistuaren doinuaz kantari eta dantzari. Unerik hunkigarrienetako bat zaharren egoitzan izan zen, agure eta atso guztiak atarira urten eta hunkiturik umeen kantua aditu zutenean.
Hurrengo urtean berriro irtengo gara ohitura ez galtzeko asmoz.



Agate Deuna eguneko argazki bidezko bideoa

2010/01/27

Siroka

Siroka musika talde berri bat da. Bertan Gorka Chamorro Ugaoko laguna eta gure ikastolako ikasle ohia dabil bateria astintzen. Hona hemen grabatu duten lehen diskoa aurkezteko paraturiko bideoklipa. Gehiago jakiteko: http://sirokataldea.blogspot.com
On izan

2010/01/14

British dessert, trifle

Seigarren mailako ikasleek Britania Handiko postre tipiko bat egiten ikasi dute ingelera saioan. Ikasi eta egin. Egin eta jan, jakina! Oso gozo omen zegoen, zeren ez baitzuten apurrik ere utzi. Horren testigantza moduan, eta ea etxean egiten animatzen zareten, hemen duzue prestaketa prozesuaren bideoa (tire, ezta Argiñanok berak) On egin.



Seigarren maila
ko neska-mutikoak.

Itsasminez


Atzo goizean Jane Jauregira joan ginen Itsasminez antzezlana ikustera. Lau eta bost urtekoak eta lehen eta bigarren mailakoak joan ginen.
Antzezlana oso polita izan zen eta asko gustatu zitzaigun.

Protagonista Argi zen eta osabak opari egindako karakola bati esker itsasoaren soinua entzuten zuen. Egun batean konturatu zen itsasoa gaixo zegoela, ez zela mugitzen ilargia haserre zegoelako. Eta ilargia haserre zegoen, berak lurraren eta itsasoaren alde lan egin arren, gizakiok ez ditugulako zaintzen, lurrean zein itsasoan zikinkeriak botatzen ditugu-eta.
Argik bere karakola eman zion ilargiari eta, horrela, haserrea pasatu zitzaion.

Antzezlan honi esker honakoa ikasi dugu: lurra eta itsasoa oso ondo zaindu behar ditugu.

Bost urteko neska-mutikoak

Urte berria, irratsaio berriak

Urte berria hasi da eta berarekin gure eskolako irrati tailerreko saio berriak. Beti bezain interesgarri, beti bezain entretenigarri. Astero saio berri bat: elkarrizketak, ipuinak, txisteak, atal didaktikoak... Dena gure blogean.Oraingoan, hirugarren mailako neska mutikoek grabatu dute.

Irrati tailerreko arduraduna

2010/01/12

Axa Mixa, urtarrilaren 11tik 17ra

Astelehena 11: Ijitoen kultura. Miribilla eskolako haur hezkuntzakoak kanta batzuk abestuko dabez eta asmakizun eta txisteak Atxuritik helduko jakuz.
Mina del Morro eskolako lagunak ijitoen Kulturari buruz hitz egingo dabe.
Martitzena 12: Finlandia herria ezagutaraziko deusku bertakoa den neskato batek. Horrez gain “Azeria eta Putrea” ipuina entzungo dogu. Basurto eta Mujikakoak barrez lehertaraziko deuskue euren txiste xelebreekin. Doinuak, bertakoak, Amelie Filmakoak eta Bossa Nova erritmoa. Jarri belarria eta Gozatu!
Eguaztena 13: Gaur, Txurdinaga eskolako lagunak kolore eta ipuinei buruz berba egingo dabe. Ondoren, AxaMixaren bozeramaile den Ainhoak Porrotxi, Euskal Herriko pailazo barregarriari egindako elkarrizketa entzungo dogu.
Eguena 14: Hasteko, Martintxu izeneko gizon bati zer gertatu jakon jakingo dogu, jarraian, Txurdinaga eskolako lagunak euren gustuko aktibitateak aurkeztuko dabez eta Etxebarri eskolako lagunak Kintanan, Kanpamendu batean eta Exponaturan zer egin aben azalduko deuskue. Ondoren, Anuarek Marokotik Euskal Herrira etorri zanean euskera zelan ikasi eban azalduko dau. Amaitzeko jolas kanta batzuk entzungo doguz, euskeraz eta arabieraz.
Barikua 15: Gaur animali batzuk ezagutuko doguz. Hasteko, Txurdinaga eskolako 5 urteko gelako lagunak animali batzuei buruz hitz egingo dabe. Geroxeago, bi katuen ipuina entzungo dogu eta amaitzeko Etxebarri eskolako 6. mailako lagunak etxean dabezan animaliak aurkeztuko deuskuez.
Zapatua 16: Atzera entzungai, martitzeneko saioa
Domeka 17: Eguaztenekoa errepikatuko da

2009/12/14

Axa Mixa, abenduaren 14tik 20ra

Astelehena 14: Gure izarrak, Tiboliko Viuda de Epalza eskolako 3. mailako lagunak eta euren Ingelera irakaslea izango dira. Gosariaren garrantziaz hitz egingo dabe ingeleraz.
Martitzena 15: Tibolin jarraituko dogu gure lagunekin, eta oraingoan asteko egunak ingelesez eta euren abesti gogokoenak abestuko dabez.
Eguaztena 16: Tiboli eskolako lagunek haien eskola eta kanta batzuk aurkeztuko dizkigute ingelesez, Trapaga eskolako lagunek, berriz, ipuin eta txiste batzuk.
Eguena 17: Tiboli eskolako lagunek eskolako gela bakoitzean zer egiten den azalduko digute, ingelesez eta Trapaga eskolako lagunek txiste eta asmakizun batzuk.
Barikua 18: Ezagutzen al dozue Basurto Ospitalean dagoan eskola? Ba adi bazagoze, han dagozan umeen ahoz ezagutuko dozue; Julen, Braylin, Esti, Nelson eta Adrian. Guzti hau laguntzeko “Sendatu Naiz” abestuko dabe pailazo maitagarriek. Amaitzeko liburutegi bitxi batera txangoa egingo dogu, “La biblioteca del Cienpiés”, izenekora.
Zapatua 19: Ni zuek banintz, ez neuke saio hau galduko, esnatu, gosaldu eta Axa-Mixa piztu!
Domeka 20: Murgiatik hartz eta zomorroen inguruan hamaika istorio ailegatuko jakuz, erne ba!

2009/12/10

Animals in their habitats

Hello! We´re 5th level students. This is our English class project. You´re going to see our animals in their habitats.
We used different materials: boxes, plasticine, toy animals, tempera paint, paper …
Here you are! We hope you´ll like them!!!
Kaixo! 5. mailako ikasleak gara. Hau da gure ingeles gelako proiektua. Gure animaliak beraien habitetan ikusiko dituzue.
Material desberdinak erabili ditugu: kutxak, plastilina, jostailuzko animaliak, tenpera, papera …
Hemen daude! Zuen gustokoak izatea espero dugu !!!


Bosgarren mailako ikasleok

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!