2009/10/28

Udal Liburutegira bisita


Pasa den asteazkenean, urriaren 21an, 1. mailako ikasleak udal liburutegira joan ginen. Bertan liburuen unibertso zoragarria ezagutarazi ziguten ipuin eta kanten bitartez.
Irakurtzea aspergarria dela uste genuenok horri buruzko gure ikuspegia aldatu dugu.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin egon ziren liburuen unibertsoko gidariei eta oso ondo pasatu genuela esan nahi diegu.
Liburuen unibertsoa harrigarria da benetan!!!!

Lehen mailako neska-mutikoak

2009/10/22

Ikasturte honetako lehen irratsaioa

Kaixo, lagunok.
Espero baino beranduago izan bada ere, hona hemen ikasturte honetako estreineko irratsaioa, seigarren mailako ikasleen eskutik. Hemendik aurrera, astero-astero, irratsaio berri bat jarriko dugu entzungarri bariku goizean (ikasgelan, etxean edota zuen lagunen etxean entzun dezakezue blog honen bidez)
Aurten atal berriak ditugu irratian, adibidez, Okerrak zuzenduz, ikasleok egiten ohi ditugun akatsak zuzentzeko gomendio eta erabilera zuzenarekin. Beraz, adi! eta euskara zuzena erabili.
Bestetik, igarkizunen atala bultzatu nahi dugu. Hori dela eta, hilean behin zozketa bat egingo dugu igarkizunak asmatu dituztenen artean, sariak liburuak, musika cdak, pelikulak, bideojokoak... izango direlarik. Animatu zaitezte eta parte hartu, zure irakasleak betetzeko orria du, eska iezaiozue.
Eta beti bezala, blogaren helbide elektronikoan - ugaonikasi@gmail.com- utzi ahal dituzue gure irratia hobetzeko zuen iradokizunak.
On izan eta hurrengo astea arte.

Irratiko arduraduna.

2009/09/23

Irratia laster martxan berriro

Dagoeneko hasi gara ikasturte honetako irrati saioak antolatzen eta laster blog honetan entzungarri izango dira.
Hain zuzen ere, urriaren 15ean hasiko gara saio berriak igotzen eta, beti bezala, nagusienekin hasiko gara grabatzen.
Beraz, aurreko ikasturtekoak entzuteko azkenego aukera duzue egunotan, berehala ezabatuko baititugu berriei tokia egiteko.
Gogoan izan, urriaren 15etik aurrera, ostegunero, irrati saio berri bat Ugao eskolaren blogean.
A, eta kometatu zure lagunei, izeko-osabei... denek gure irratia entzun dezaten


Irrati tailerraren arduraduna

2009/09/10

Ikasturte berria hasi da



Ikasturte berria hasi da, bai horixe!
Urte bat handiagoak gara, maila bat gorago gaude, pila bat kontu berri ikasteko gogoberriturik gatoz... Eta blog honetan, lehengo urtean hasitako bideari ekinez, horren guztiaren berri utziko dugu.
Berehala hasiko gara gauzatzen ditugun ekintzen kronikatxoak idazten, argazkiak eskegitzen, irratsaio berriak grabatzen eta entzungarri jartzen...
Ondo pasa jaietan eta ez ahaztu lantzean behin zure blog honetara bisitatxo bat egitea.
Laster arte.

2009/06/15

Azken irratsaio berezia.


Ikasturtea amaitzen ari da eta gure irratsaioak ere. Urtean zehar hainbat talde pasatu dira gure estudiotik haien saioak grabatzera. Azkenengoak 3. mailakoak izan dira (11. eta 12. saioak)
Baina ezin dugu aurten estreinatu dugun esperientzia hau edozelan agurtu. Horregatik, azken irratsaioa berezia izango da. Berezia, berez, irratsaio bat ez delako, laugarren mailako neska mutikoen kanta bi baizik.
Eta zergatik hau? Denok dakizuenez gure ikastetxean euskararen erabilera suspertzeko hainbat ekintza burutzen dugu, haien artean honako hauek: bertsolaritza, 6. mailako bertsolari gazteen eskutik; antzerkigintza, 5. mailko aktore sasiprofesionaleekin; eta kantagintza 4. mailako ahots ederrei esker. Baina gure ikastetxean bakarrik gera ez dadin, beste ikastetxeetara joaten gara gure ikuskizunak eskeintzera. Aurten Antzerkigintzakoak Arrigorriagara joan dira eta bertsolariak Basauriko bi eskoletara. Kantagintzakoak aurten ezin izan dira joan eta, horregatik, goiz batean, musika-gela musika-estudio bihurtu eta kantu pare bat grabatu genituen euren trebetasunaren lekuko. Gure irrati aparailuan dituzue entzungai: Lau aeroplano Bermeoko kantua eta Eperra ziberutar doinua.

2009/05/22

Eskola Agenda 21eko Udal Foroa. Aurkezpena


Eskolako Agenda 21eko Foroaren lan saioa ospatu zen maiatzaren 18an Udaletxean. Saio honekin bukatzen dira 2008-2009 ikasturtearen Eskola Agenda 21eko ekitaldiak.
Ekataldi honetan 6. mailako ikasleek, Eko-ordezkariek, Udaletxeko arduradunek eta eskolako zuzendariak zein Agenda 21eko koordinatzaileak parte hartu zuten.
Ekitaldian aurtengo kutsoaren zehar egin diren lanak azaldu zituzten Eko-ordezkariek powerpoint baten bidez.
Amaitzeko, eta agurtutakoan, Udaletxeko arduradunek batidoa eta gozopil bana eskeini ziguten. Eskolaren izenean, Zuzendariak Karpetak
banatu zituen.
Nahiz eta aurtengo ekintzak bukatutzat eman, gure asmoa kontsumoarekin jarraitzea da, bidea zabaldu baino ez dugu egin eta.

Eskerrik asko.

Eskola Agenda 21ko arduraduna

2009/05/13

Aupa Athletic, geuria!

Gaur gure ikastetxean, Bizkai osan legez, Euskal Herri osoan bezala, zurigorriak gara. Ikasleak, irakasleak, jantokiko langileak... denok gure Athleticegaz bat. Giro itzela dago. Bestela, begira argazkiei.
Aupa Athletic, zu zara nagusia!
Garaipena gurea da!


2009/05/12

English class' robots

Hello, boys and girls!
Hirugarren mailan errobotoak egin ditugu ingeles gelan. Oso ondo pasatu dugu errobotak egiten. irudimen handia dugunez, oso politak atera zaizkigu, den-denak ezberdinak: handiak, hiperhandiak, txikiak, megatxikiak, koloretsuak, karratuak, biribilak...
Ah, eta errobotak egin bitartean ingelesa pila ikasi dugu, bestela, irakurri, irakurri...

- We used paper, carboard, reclycling materials, stikers, clips, pens...
- We enjoyed a lot, it's fantastic!
- Here you have our photos.



Hirugarren mailako neska-mutikoak

2009/05/04

Urkiolako parkean

Apirilaren 22an 3. mailako ikasleak eta 29an 4. mailakoak Urkiolako parke naturalera joan ziren. Hona hemen euren kronikak.

Hirugarren maila
Apirilaren 22an gure eskolako hirugarren mailako neskak mutikoak Urkiolako Parke Naturala ezagutzera joan ginen. Irteeraren helburu orokorrak hauek izan ziren:
- Babesturiko natur guneen garrantzia ezagutzea.
- Urkiolako Parke Naturaleko ingurua ezagutzea.
- Parkeko zuhaitz eta animaliak ezagutzea.
- Ingurunearekiko begirunezko portaera sortuko duten baloreak eta jarrerak bultzatzea.
Ondo bete ditugula esan dezakegu.

Hasieran Toki Alai parkeko interpretazio zentrora joan ginen erakusketa bat ikustera. Hango ekosistema, fauna, landaretza eta mitologia erakutsi zizkiguten.
Erakusketan ikusentzunezko bat, hiru dimentsiotako maketak, pantaila interaktiboak eta azalpenak ematen dituzten panelak zeuden. Material honen laguntzaz eta ikasleentzat prestaturiko fitxa batuen bidez landu genituzten prestatutako edukiak.

Gero kanpoaldeko jarduerak egiteko aukera izan genuen: ibilbide didaktiko bat eta mitologiari buruzko tailer bat.
Orokorrean baliogarria izan dela uste dugu, gelako programazioarekin lotuta dagoelako.


Laugarren maila
Apirilaren 29an Urkiolako Parke Naturalera joan ginen Igor, Arantza eta Garbiñerekin. Han bi talde egin genituen, batzuk Alainekin jaon ginen eta besteak Susanarekin. Alain eta Susana bertako irakasleak dira.

Urkiolan ibilbide bat egin genuen, oinatzak, lumak... ikusi genituen.
Pelikula batean Anboto nola azaleratu zen ikusi genuen eta zenbat animalia dagoen ere.
Beste jolas bat kutxa majikoarena izan zen: kutxaren barruan eskua sartu eta barruan zegoena asmatu behar genuen.

Hamabiak aldera hamaiketakoa hartu genuen: sagarrak, zerealak, galletak etab. ordu biak aldera bazkaldu genuen: pernil eta solomozko bokatak.
Geroxeago, denbora librea izan genuen, ordu bat edo, jolasteko.
Azkenik, Ugaora itzultzeko autobusa hartu genuen. Ia denak zorabiatu egin ginen eta botaka egin genuen.
Halere, oso ondo pasatu eta asko ikasi genuen.


3. eta 4. mailetako neska-mutikoak

2009/04/20

Irratia berriro martxan

Oporraldia aurretik, arazo batzuk zirela medio, irratsaio gehiago grabatzeari utzi genion. Lasai, berriro gabiltza martxan! Bariku honetan hasiko gara saio berriak grabatzen, hain zuzen ere, bigarren mailako ikasleekin. Beraz, aurki blogean entzungarri txiste berriak, albisteak, irrati-nobelaren jarraipena, elkarrizketa gehiago...
Ez hutsik egin eta eskolako irratia entzun blog honetan.

Irratiko arduraduna.

Kirol eta jolas eguna


Eta astea amaitzeko, barikuan kirol eta jolas eguna ospatu genuen.
Lehen Hezkuntzako ikasleak 9:30etatik 11ak arte ibili ziren jotake kirolean, izerdi patsetan norgehiagoka... seigarren mailako ikasle-epaileen ardurapean: soka-tira, lokotxak, harri jasoketa, txingak, boloak, haur-probak, hankak lotuta korrika... Ederto pasatu zuten.
Eta nagusienek amaitutakoan, Haur Hezkuntzako ikasleen txanda izan zen: jolasak. Txikiek primeran pasatu zuten: txingak, zaku lasterketa, patinete lasterketa, boloak, goilararena... eta, bai horixe, motorrentzako zirkuitua bi urtekoentzat.
Azkenean, Astotxok bisita egin zien txikiei eta haiekin hitz egin eta kantatu egin zuen. Baita gogorarazi euskaldun egiten gaituena euskara dela eta, beraz, egunero-egunero, goiz eta arratsaldez, euskaraz hitz egin behar dugula.
Egun horretan ez zen arratsaldez eskolarik egon eta, bazkal ostean, UDABERRIKO OPORRAK HASI ZIREN... IUUUUPI!!!

Astotxoren lagunak

2009/04/02

Zirko eguna


Gaur zirko eguna ospatu dugu. Sebastopoleko Titiriteroak goizean goiz etorri eta eskolako patioa zirko erraldoi bihurtu dute. Lehoiak eta elefanteak falta ziren bakarrik, baina berdin, piztia ugari dago gure ikastetxean, kar, kar, kar...
Goiz osoan zehar bertatik pasatu dira ikasle eta irakasle guztiak, txikienetatik handienetara. Denontzako tokia eta tailerrak egon dira: puzgarri bi, futbolin erraldoi bat, xake joku erraldoia, xaboi-ponpa erraldoiak egiteko tramankuluak -jope, dena erraldoi-, esku lanak egiteko mahaia... eta, jakina, koltxoneta elastikoak, hankapaluetan edota pilota erraldoiaren gainean ibiltzen ikasteko tresneria, alanbrearen gainetik ibiltzekoa, malabareak egiteko ikastarotxoa, arku jaurtiketarako eremua....
Ikusten duzuenez, denetarikoa. Ah, eta titiriteroak oso atseginak eta jatorrak. Hau bai zirko, hau bai goiz entretenigarria! Primeran pasatu dugu.

Astotxoaren lagunak

Korrika Txikia

Gaur, asteazkenean, Korrika Txikia ospatu dugu herrian.
2:45etan irten gara eskolatik eta herri osoa zeharkatu ostean plazara heldu gara festa giro ezin hobean. Lekukoa eta ikurriña maila bakoitzeko ikasle bik eraman dute eta handitik txikira joan gara, hau da: 6. mailakoek eskolan hartu dute lekukoa -eta, beraz, ibilbide osoa burutu dute-; futbol zelai ondoko zubian 5. mailakoek; onodren 4.ekoek... eta horrela postetxe aurrean bi urteko txikiek hartu duten arte.
Plazan jailadia egin dugu: Txikienak ikusle izan dira eta LHko talde guztiek zerbait prestatu dute.
Lehen mailakoek Tirri-tarra abestia kantatu dute; bigarrenekoek, Ilargia; hirugarren mailakoek Etxea eraiki egin dute; laugarrenekoek, berriz, gelaka egin dute, Eperra eta Bermeoko portuan; bosgarren mailakoek koreografia polit bat Txis Pun Korrika kantarekin; amaitzeko, seigarren mailakoek bertso saio ederra eskeini digute.
Baina astea oraindik ez da amaitu. Bihar bertan, titiriteroak etorriko dira eta zirko tailer handia jarriko dute eskolako patioan eta barikua kirol eta jolas eguna izango da.
Eta ez ahaztu, zapatuan eguerdian KORRIKA 16 helduko da Ugaora. Goazen denok korrika....


Astotxoren lagunak

2009/03/31

Antzerki eguna

Kultur Asteko bigarren eguna pasatu da. Gaur antzerkiari dedikatu diogu.
Orain urte batzuk hasitako bideari jarraiki, bosgarren mailako ikasleek antzezlan pare bat prestatu dute guztiei eskeintzeko: "Itsuak" eta "Erregearen froga". Oso dibertigarriak izan dira biak, eta ikuslegoak horrela aitortu die antzezleei.

Egun osoan zehar gure ikastetxeko ikasle guztiak Jane Jauregira etorri dira antzezlanaz gozatzera -tire, guztiak ez, bi urtekoak ez baitira etorri- Arratsaldeko bostetan, berriz, herri osoari zabaldu diogu ikusteko aukera -bai horixe; orain urte batzuk antzezleen gurasoak baino ez ziren etortzen, baina, egun, horiez gain, auzokoak, lagunak, herritarrak... datoz-. Guztira lau funtzioi egin dituzte, lau!!! Hau bai profesionaltasuna.
Hemen dituzue argazki batzuk. (argazkilaria Maisu Goio)



Astotxoren lagunak

2009/03/30

Literatura eguna


Gaur, astelehenean, Kultur Asteari emateko Literatura eguna ospatu dugu. Alde batetik, 1. mailatik 5. mailara arteko ikasleok talde txikitan elkartu gara -maila ezberdinetakoak- eta ipuinak asmatzen ibili gara. Oso kontu polita izan da, nagusiak eta txikiak denok batera... gero ipuinak irakasleei eman dizkiegu zuzen ditzaten eta asteazkenean elkartuko gara berriro garbira pasatzeko eta marrazki ederrez apaintzeko. Hau egindakoan, ikastetxeko hormetan eskegiko ditugu denek irakurri ahal izateko.

Eta zergatik ez dira seigarren mailako neska mutikoak egon? galdetuko diozue zeuen buruari. Bada, eurek irakurri duten liburu baten idazlearen bisita jaso dutelako: Antton Irusta. Oso ondo pasatu dute, euren galderei erantzuteaz gain, eurekin ipuinak asmatzen eta antzerkitxoak egiten ibili delako.
Kultur Asteko lehen eguna primeran pasatu da.

Astotxoren lagunak

Kaixo lagunok!

Ugaoko eskolaren blog berria duzue hau. Hemen eskolako ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu eta, era berean, zuekin harremanetan jarri -zuen iritziak jasoz, zuen proposamenak entzunez...- Horretarako mezuak bidali ahal dituzue gure helbide elektronikora, ugaonikasi@gmail.com edota gure blogean bertan idatzi.
Ongi etorri eta... ONDO PASA!